Malerrekako Eguna Urrozen ospatuko dute

Maiatzaren 27ko prestatutako egitarau zabala aurkeztu dute udal ordezkariek

Viernes, 19 de Mayo de 2017 - Actualizado a las 06:09h.

urroz- Iturendarrei lekukoa hartuta, aldi honetan, Urrozen ospatuko da Malerrekako Eguna. Ohiturari eutsiz maiatzeko hondar larunbatean, hilaren 27an izanen da eta egun osoan ekitaldi saila izanen dira. Horien berri eman zuten asteazkenean Malerrekako Mankomunitatean egindako agerraldian.

Maiatzeko azken larunbat goizeko 10etan harrera ekitaldia eginen dute plazan, eta herrietako ordezkariek egunari hasiera emanen diote. Ondotik, 85 urtetik goitiko zazpi herritarrek omenaldia jasoko dute Udalaren izenean: Joxepa Etxegia, Bitoriano Arzuaga, Trinidad Grajirena, Demesia Iribarren, Joxe Arozena, Pedro Etxegia eta Bixi Arozenak.

Goizez artisauak, talogileak eta dantzariak ere plazan ariko dira. Abesbatzak ere emanaldia eskainiko du. Eguerdian, Malerrekako musikariak herrian barna ibiliko dira, baita buru-haundiak eta joaldunak ere. Bingoa eta paella jatea eginen dute Malerreka Kantuz-ek lagunduta. Arratsaldean, Mus Txapelketako finala jokatuko dute Herriko Ostatuan eta Muxikoak izanen dira plazan. Txokolatada, jokoak eta buru-haundiak kalejiran ibiliko dira. Frontoian, berriz, aizkora apustua jokatuko dute. Globoa, zozketa eta mus txapelketako sari banaketa eginen dute. Ondotik, heldu den urtean Malerrekako Eguna antolatzeko Sunbillari pasako diote lekukoa. Oharkaberekin dantzaldia izanen da eta 22:00etan herri afaria frontoian. - A.A.A.