eguerdiko 12:00etan BUKATUKO DA

Global Training bekak lortzeko izena emateko epea ostiralean amaituko da

Bekak goi mailako ikasketak dituzten 30 urtetik beherako gazteei bideratuta daude

Eusko Jaurlaritzak Edizio honetarako hautatutako erakunde laguntzaileen bidez banatuko dituen 410 Global Training bekak eskuratzeko izena emateko epea ostiralean bukatuko da, uztailaren 14an, eguerdiko 12:00etan.

EP - Jueves, 13 de Julio de 2017 - Actualizado a las 10:46h.

BILBO. Gutxienez sei hilabeteko eta gehienez urtebeteko bekak izan daitezke, eta, entitate laguntzaileek eginiko eskaintzari erreparatuz, batez beste zortzi hilabetekoak izango dira, entitateok eskaintzen dituzten luzapenei esker.

Bekak goi mailako ikasketak dituzten 30 urtetik beherako gazteei bideratuta daude (lizentziatuak edo Lanbide Heziketako ikasketak). Enpresa edo entitateetan praktikak egingo dituzte hilero 1.358 euro inguruko poltsa ekonomikoarekin.

Aurten zazpi dira entitate laguntzaileak: Novia Salcedo fundazioa (60 beka), AFM elkartea eta Ikaslan (60 beka), HETEL elkartea, Confebask eta Adegi (60 beka), Garapen elkartea eta Donostiako Sustapena (60 beka), Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) (60 beka), Deustu eta Mondragon unibertsitateen elkartea (55 beka) eta Euskal Ganberak (55 beka).

Mugikortasun profesionaleko praktikak nazioarteko enpresetan egingo dira, horietako asko lehen mailakoak eta sektore ezberdinetakoak. "Honek diziplina profesional anitzetan hezkuntza aukera oso ezberdinak eskaintzen dizkie gazteei", adierazi dute Jaurlaritzatik.

Aurreko edizioetan Brasil, Mexiko, Amerikako Estatu Batuak (AEB), Txina, Japon eta beste hainbat herrialdeetan egin dira praktika hauek. Izena emateko epea amaituta, aukeraketa prozesua entitate laguntzaileen esku geratuko da.

Interesa duten gazteek entitate kolaboratzaile bakar baten bidez egin beharko dute izen ematea, eta informazio gehiago entitate laguntzaileen bidez edo Eusko Jaurlaritzaren webgunearen bidez jaso ahal izango dute: http://www.euskadi.eus/nazioartekotzeko-laguntzak-dirulaguntzak/web01-a2lehiar/eu/