Historia hurbila, epaile distirantak

Por Bixente Serrano Izko - Domingo, 12 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h.

Goiz interesgarria nirea, joan den ortzegunekoa. Liburu mardul, sendo, metodologikoki ongi landuriko baten aurkezpenean Nafarroako Museoan, alde batetik. Nerea Perez Ibarrola historialari gazte baina trebatuak egina, Iruñerriko industria langile klasearen sorreraz 1956-1976 artean. Klase berri bat gure paraje hauetan, urte gutxitan eta tradizio eta aurretiko erreferente ideologikoekin ia loturarik gabe hasieran, halere borroka antifrankistetan protagonismo berezia lortu zuena, noraino eta, proportzionalki, Estatu eremu osoan garaturiko borroka haietan mugituena izateraino. Nola joan zen eratuz klase kontzientzia langileria hartan, non eta, itxuraz, frankismo soziologikoaren gune irmoenetako bat zen probintzia honetan. Artxibo lanaz gain, kale-lan zabala du liburuak, garai haietan nola edo hala presentzia izan zuten pertsonei eginiko elkarrizketa sakonen bidez. Erran bezala, tradizio eta aurretiko erreferente klasikoekin zerikusi gutxi zuten langileak, kasu gehienetan justizia sozialarekiko sentimen kristau batetik abiaturik, nazioarteko klase ideologia berriekin lotu ziren gero gehien bat. Prozesu interesgarria, benetan, ez bakarrik ikerketa sozio-politiko baterako, baina ikerketa psiko-soziologiko baterako ere, ibilbide historiko baten barnean. Euskaraz egina liburua, zortea izan nuen nik neuk lan honen zirriborroa irakurtzeko. Aitortu behar dut hunkitu ninduela, zirrara handi batek astindu zidan bizkarrezurrean gora hainbat pasarte eta testigantzatan.

Bertzalde, goiz berean Kondestable jauregian, dokumentazio erakusketa bat, frankismoaren aurka Euskal Herriko (Nafarroa gehienbat) borrokak ardatz, Orreaga Fundazioak eraturikoa. Urte ba-tzuk duela egin zuten lehen saio bat, baldintza kaskarragoetan, baldintza duinagoetan oraingoa. Horregatik, agian, iruditu zait bigarren edizio hau biribilago eta osoagoa dela.

Lotuak gaien aldetik bi ekitaldiak. Zehatzagoa, bai denboran bai arloan, akademikoagoa, liburuarena;orokorragoa eta dibulgaziokoa, erakusketarena. Biak ala biak, beharrezko eta elkarren osagarriak.

Artean, Nafarroako epaileak jakinarazi berri du ez duela onartu Iruñeko Udalaren eta herritarron kereila frankismoaren krimenen aurka. Espainiar sistema judizialaren bertze astakeria bat gehiago, epailea arrazoi bitxiak gara-tzera eraman duena. Harribitxi distirantena, hauxe, enetzat: ustezko delitu haiek (gizateriaren kontra, genozidioa…) existi-tzen ez zutela Espainian, garaiko legedia frankistak tipifikatzen ez zituelako. Badakigu, beraz, diktadura baten krimenak inola ere ezin daitezkeena deliturik izan, legezkoak direna. Bai distiranta epailearen burmuina, horrelako delituak ez onartzeko Estatuko fiskaltzaren aginduei men egin nahian. Goragoko instantzietan ere ez da onartuko kereila, baina komeriak izanen dituzte dagozkien epaileen garunek, diren distirantenek ere, nazioarteko instantzietan euren ukoa defendatzerakoan. Distirantasunak, berez, epaileen garunek kanpotik jasotako argi-errainu guztiak barneratu ez baina kanporatzen dituelako, ote?