Mugatik

Bortxatzaileak gure arteko

Por Aingeru Epaltza - Martes, 14 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h.

eTBko harri-bitxietarik da Ur handitan. Haren ondotik ez ohi da zalapartarik pizten sare sozialetan, ezta titularrik berenganatzen ere biharamuneko egunkarietan. Aurkezlea ere ez da Jordi Évole bezain mediatikoa, ezta hain irribarretsua ere. Munduz mundu zebilenean ere nekez argitzen zitzaion kopeta Xabier Madariagari, eta oraingoan ere ez dira irri egitekoak ETBk astearte gauaz eskaintzen digun saioaren edukiak. Nonbait, politika eta gizarte gaietan sakontzeko asmoz sortu da Ur handitan. Orain arte gizartea gailendu zaio, puskaz, politikari. Zer gizarte kontuak baino politikoagorik, ordea. Eskola eredu alternatiboak. Kristalezko hezurrak dituen gizonaren bizipenak. Arraun munduaren azpikoak. Eritasun mentalak. Legez kanpoko emigrazioa. Guztiez ikuspegi edo ertz berriren bat azaleratzera ahalegintzen dira Madariaga eta bere lantaldea. Gehien-gehienetan, protagonista euskaldunen ahotik. Ez gaude ohiturik euskarazko jardunera gauza batzuen gainean. Horregatik, are lazgarriagoak egiten zaizkigu lekukotasun batzuk. Bortxaketa eta sexu erasoak jorratu zituen Ur handitan-en joan den asteko atalak. Bertzeak bertze, bortxatutako bi neska euskaldun seguru aski nafarren testigantza zekarren programak. Bataren nahiz bertzearen erasotzaileak adin bertsukoak ziren. Gazteak. Ezagunak. Herri berekoak. Euskaldunak noski. Atzo, Iruñean, epaitzen hasi ziren duela urte eta erdiko Sanferminetako ustezko bortxatzaile aldra. Sevillatik hona etorri ziren beren balentria egitera. Iruñeak ez digu beti harrotzeko motiborik ematen. Orduan eredugarria gertatu zen gure hiriburuan piztu zen gaitzespena. Neurri bereko erantzuna emanen genuen erasotzaileak hemengoak izan balira? Pentsatu nahi dut baietz. Gure artean ere bada ezezkoaren esanahiaz jabetzen ez den gizon ustekorik. Ur handitan saioaren azken emankizunak derrigorrezkoa izan behar luke D ereduko batxilergo guztietan. Gaur gehiago.