Emabatzarra eta txirrita

Patziku Perurena - Domingo, 31 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h.

Berriz ere atera du liburu berria Fernando Maiorak: “Léxico autóctono histórico de Navarra II”, eta ordena alfabetikoan datozen euskarazko hitz zahar askoren artean, hona erlikia ttiki batzuk, liburuaren balioa poliki erakusten dutenak:

Buztan ebaki, Baztanen 1520-40 aldean behin eta berriz: “que el dicho Pedro pague por auriche un billorroci buztan ebaqui”. Bistan da egunkari honetan bertan Aretxe hitza eta Auriche uztartuz esan nituenak indartzera datozela erlikiok ere.

Emabatzarre, Atondon jasoa 1549an: “conforme a la costumbre del lugar, cuando pare una muger suelen ir todas las mugeres a comer o a cenar un día que en vascuence lo llaman emabaçarre”. Nahi baduzu ikus zenezake Erelea11n (81.or) neronek ikusi eta jasotako Atsolorra Goizuetan bertan, edo Atsobesta Baztan aldean.

Franko txipia, 1556an Tafallan jasoa: “Endrecera llamada Franco Chipia, que es termino realenco y comun, donde pueden gozar los ganados, asi de ida como de venida de Andia, sin que por ello tengan que pagar cosa alguna”. Oroit, Fernandok berak ongi dioen bezala, behiala Leitzako Franki baserriaren izena nondik sortua zen azaldu nahian neronek esandakoak (Etorrerakoak, 13. or).

Mustika, Arakilgo Iriberrin 1699an: “heredad cerrada con unos palos llamados en vascuence musticas”. Gauza berberari Mutxikaia deitzen zaio oraindik Leitzan, eta Mutxitea berriz Goizuetan antzeko gauza oso zehatz bati. Bila googlen: “Leitza: ira eta iraxigorra (1699-1728)” eta ikus hango argazkian. Ea noiz argitzen diguten Lakarra jauna eta konpainiak nondik datorren euskara zaharreko erro hori.

Txirrita: Holako beste hamaikaren artean, ezin utzi aipatu gabe 1916ko beste erlikia hau ere (52-54 or) : “Txirrita fue contratado por Tomás Alcaine Exposito, vecino de Legasa, para que compusiese bertsos en contra de Eusebio Babace, alcalde del mismo”.

Baina hara nola atera ziren atzenean: “denunciados por injurias y calumnias” eta 21 egunerako Legasatik 25 kilometrora desterratuak, 250 pezetako isuna pagatu ondoren. Inguruko herrietan zabaldu ziren bertsopaperen erdal itzulpena ere badakar auziak, eta seguru oraindik zokoren batean badela euskarazko bertsopaper haren kopia. Erne, beraz, Legasa inguruko bertsozale. Txirrita haundiak 40 pezeta kobratu omen zituen, gero larrutik pagatu behar izan zituen hamalau bertsoak paratzeagatik. Horra amu ttiki batzuk, Maioraren uzta berria osoan dastatu nahi izatera.