Garazi Albizua idazlea eta ilustratzailea

“Irudimenak sortzen dituen indar eta baliabideak erakartzen nau”

Denonartean argitaletxe iruindarraren eskutik, Garazi Albizuak (Santurtzi, 1985) bere lehenengo eleberri ilustratua argitaratu du berriki: ‘Kemena’.

Miren Mindegia - Martes, 2 de Enero de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

iruñea- Kemena-k hiru istorio aurkezten ditu, hiru neskatoren eskutik: Amane, Kattalin eta Mari. Izan ere, egilearentzat garrantzitsua zen protagonismoa neskei ematea, komikigintzaren arloan emakumezko pertsonaien hutsunea sumatuta. Helduen begiradapean zailtasunak edo mugak dituzten protagonista indartsu hauek, beren egunerokoari existitzen den tresna boteretsunearekin aurre egiten diotela erakutsiko dute: irudimena. Egilearen testu eta ilustrazioek bat egiten dute hiru pertsonaia hauen barne-mundu miresgarria erakusteko.

Hiru pertsonaia eta hiru istorio, horietako bakoitzaren eskutik. Hirurak, modu sakonago edo arinago batean, arazo psikologikoak dituzten haurren bizipenak ager-tzen dizkigute. Zergatik aukeratu zenuen psikologiaren gaia?

-Kuriositateagatik ziurrenik, ez dut uste kontzientzia osoz aukeratu nuenik gaia, izan ere nahiz eta hiru pertsonaiek neurri baten edo besten arazo psikologikoak izan, hauek gerizpean geratzen dira, ez dut horietan sakondu nahi izan.

Amankomunean zerbait baldin badute, dituzten muga edo arazo horiei irudimena baliatuz aurre egiten saiatzen direla da. Nola erabiltzen dute irudimena eta zergatik da hain garrantzitsua?

-Irudimena, horixe egin nahi izan dut komikiaren pertsonaiarik garrantzitsuena. Uste dut bakoi-tzak badugula ahalmena gugan hasitako edo kanpotik etorritako arazoei aurre egiteko, batzutan, beste norbaiten laguntza ere beharrezkoa da, noski. Hala ere, izugarri erakartzen nau irudimenak sortzen dituen indar eta errekurtsoak. Batez ere umeak gareneko garaian, horregatik komikiaren pertsonaiak umeak edo gazteak dira, orduan uste baitut irudimena basatiago dela. Komikiaren pertsonaiek ezagun dezaketen mundua eraikiz eta kontrolatuz, arazo ezezagunak ulertaratzen dituzte nolabait, behintzat problema horiek ekar dezaketen beldurra baretuz. Mariren kasuan ez da hain erraza eta hor ikusten da kanpoko laguntzaren beharra. Kasu honetan irudimenaren erabilera bi ezagutza hildo dakar, alde batetik Marik beharrezko duena bere bizitzan aurre egiteko eta bestetik helduentzako pista, zeozer gertatzen zaio, zer ote? zergatik jokatzen du horrela?

Izenburuak ere badauka nolabaiteko harremana guzti honekin, ezta? Zein da bere erranahia?

-Niretzat ez dago irudimenik kemena gabe, uste dut adorea beharrezkoa dela irudimena guztiz beldurgabe eta lotsagabe erabiltzeko, nahiz eta batzuetan ez izan horretaz oso kontziente. Horregatik Kemena du izena komikiak, bertako istorioak gertarazteko erregaia baita.

Pertsonaia helduen presentzia ere nabarmena da istorio guztian zehar. Zer da hauek irudikatzen dutena, haur mundu berezi horren baitan?

-Ikusleak dira. Nik uste dut alde batetik haur mundu horretatik at egoteak miresmena sortzen duela helduengan, eta bestalde haurreei indarra ematen diela, hau da haurrek sortutako irudimen erreinu hori eurentzat da, propioa, berezia, beste helduek agian ulertu ez dezaketena, garrantzitsua, altxorra.

Liburua modu askotara eta ikuspuntu askotatik ulertu daiteke. Desberdina izanen da irakurle helduarentzat edo haurrentzat, ezta? Azken finean, nori zuzen-tzen zaio istorioa?

-Bai, edo horrela gustatuko litzaidake behintzat. Uste dut heldu baten irakurketa istorioan agertzen diren helduen antzekoa izan daitekela: ikusle. Eta ikusle paper horretan agian agerian ez diren istorioaren ezaugarri ezberdinez jabetu ahal direla;haurrek berriz, errezago egingo dute aurrera istorioa nagusiarekin, eta horretan ere, irakurketa ezberdinak gauza daitezke, izan ere irakurketa prozesuan bai haur zein heldu bakoitzaren zeozerk irakurtzen du ere. Ez da prozesu objektiboa, idazleak nahi edo espero duena eta irakurleak lortzen duena ez du zertan bat egon behar.

Marrazketari dagokionez, badirudi leuntasuna erabili duzula ezaugarri nagusi bezala. Koloreak argiak dira, marrak arinak, ez dago kontraste gogorrik... Istorioek izan dezaketen garraztasuna baretzeko egin duzu hala?

-Marrazketarekin nire gorabeherak izan ditut, argi nuen, zu esan bezala, ez nuela istorioen garraztasuna nabarmendu nahi eta proba asko egin nituen istoriaren estiloa aurki-tzeko. Azkenean, kontraste handirik ez, kolore paleta argia eta detailetsu gutxiko marrazkia aukeratu dut.

Istorioak antolatzeko moduan, formatuan, zein da erabili duzun irizpidea? Istorio bakoitzak berezko estiloa eskatzen zizun?

-Hasiera batean hiru istorio ezberdin moduan ikusten nituen, bakoi-tza estilo propioaz, komiki beraren hiru ale independiente moduan alegia, baina oso “hotz” geratzen ziren. Hirurak elkarrekin, bata bestearen atzean baina euren artean loturak izanda istorioa erritmo eta epeltasuna hartzen zuela iruditu zitzaidan. Bateratze prozesu honetan estiloa ere bateratu dut, hala ere, koloreekin pixkat jolastu dut, Ka-ttalinen ametsak urdinez agertzen dira eta Mariren arkatz magikoa bere biziko kolorea du ere, baina bai orokorrean estilo bera erabili dut.