Hodeiak uxatzeko... zartagi hotsak

Kaldereroen Konpartsa Tradizionalekoak Parte Zaharrean aritu ziren gauean.

Eguraldiaren iragarpena kaskarra zen, baina Inauteriak ate joka datoz eta festaren iragarpenak ezin zuen itxaron. Ehunka kalderero atera ziren atzo Donostiako kaleetara, auzoz auzo festa giroa zabaltzeko asmoz.

Argazkiak Javi Colmenero - Domingo, 4 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Donostia

Haizea, euria, hotza... eta urrutiko zartagi hotsak gero eta ozenago. Inauteriak badatoz, oso goiz etorri ere, eta haiek iragartzera etorri ziren atzo arratsaldean eta gauean ehunka kalderero. Hungariatik etorri ziren, Europa erdialdeko lur hotzak igarota eta hemengo euriak ez zituen kikildu.

Gero eta gehiago dira, gainera (aurten Intxaurrondon konpartsa berri bat sortu da), eta auzoz auzo aritu ziren atzo kantuan. Arratsaldean Altzako Santa Barbara taldekoak atera ziren eta Parte Zaharrean Kai Harripe euskara batzordekoak ere bai. Egian (Arrano elkartea), Amara Berrin (Amarakaldek), Amaran (Mamur-Donosti Berri) eta Herreran (Herrera Kirol Elkartea) ere astindu zituzten zartagiak eta abestu zituzten Sarriegiren doinuak.

Bereziki jendetsua izan zen Groseko Hungariar Kaldereroen Konpartsa. 18.00etatik aurrera auzoan barrena ibili zen eta Txofreko plazan jarri zuten haien kanpamentua. Bertan bildu ziren auzotar asko Kaldereroen musikak erakarrita.

Beranduago, gauean, Parte Zaharra izan zen festazaleen topaleku. 21.45ean abiatu zen Fermin Calbeton kaletik Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionala, Konstituzio plazan jarri zuten kanpamenturantz. Ia 400 kidek osatu zuten taldea, 19 tributan banatuta, eta horietatik gehienak emakumeak ziren.

Gonbidatu bereziak izan zituzten atzo: Kukai dantza taldea azkenaldian egiten ari den lana aitortu nahi izan zuten Kaldereroek eta horregatik Nagore Martínez dantzaria izan zen haien erregina. Nerea Vesga eta Vanesa Castaño Kukai taldeko kideak izan zituen ondoan, dama moduan. Eguraldi petrala zela eta ohi baino jende gutxiago bildu zen Konstituzio plazan, baina giroa berotzea lortu zuten Kaldereroek.

Horretan lagun izan zituzten Kresala dantza taldeko kideak, taula gainera igo eta Gopak dantza eslaviarren ikuskizuna eskaini baitzuten hungariarren kanpamentura bildutakoen aurrean.

Ordu berean eta Parte Zaharrean bertan Kaldereroen Konpartsa Primitiboa ere atera zen kalera. Santa Mariako atarian abestu zituzten lehen doinuak eta handik Sarriegi plazara jo zuten, bertan jarri baitzuten kanpamentua taldea osatzen duten 250 lagun inguruk.

iñudeak eta artzainak Eguraldi kaskarrak gaur ere jarraituko du baina, ohi bezala, zartagien lekukoa Iñude eta Artzainek hartuko dute gaur. Kresalakoak 12.00etan abiatuko dira Euskal Herria kaletik eta Parte Zaharreko kaleak eta Bulebarra zeharkatuko dituzte, berriro ere, Sarriegiren doinuen laguntzarekin. 150 lagunek osatuko dute konpartsa eta, horien artean, dantzariak, danborjoleak eta ohiko pertsonaiak izango dira: alkatea eta emaztea, apaiza, mikeleteak, barkilleroa, medikua, piruleroa... The Joselontxo’s txarangak ere girotuko du desfilea.

Ohi bezala, Groseko Artzain eta Iñudeen konpartsa ere aterako da gaur kalera (11.15ean Txofretik) eta Amaran eta Erriberetan Ikasbide elkartekoak ere bai (11.30ean ikastolatik). - N.G.

Secciones