Hondarribia-Katsikasek bilketa arrakastatsua egin du

Hondarribia-Katsikaseko kideak, bildutako materialarekin.

Hiru egunetan, ia tona bat material eta 3.500 euro lortu dituzte Siriara bidaltzeko

Xabier Sagarzazu - Martes, 6 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

hondarribia - Siriara materiala bidaltzeko helburuz joan den asteazkenetik ostiralera egindako premiazko bilketa “arrakastatsua” izan dela esan du Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak.

Azken bi urteetan Grezian dauden errefuxiatuak laguntzen ari den erakunde honek, hiru egun horietan “ia tona bat material eta 3.500 euro” jaso zituela iragarri zuen atzo ohar baten bitartez.

erantzun paregabea Lehen aldia izan da Hondarribia-Katsikasek Siriarako bilketa egiten duena eta herritarren erantzuna paregabea izan dela adierazi du Mari Jose Aseginolaza elkarteko presidenteak: “Herritarrei esker 75 kaxa handi bete ditugu, lotarako 100 zaku, 80 isolatzaile, euritarako 700 kapa eta 80 beroki, 500 aterki, 350 oinetako pare, mantak... izugarria”.

“Egoera onean zegoen materiala eskatu genuen eta hala ekarri digute. Batzuek, eskatzen genuena ez zutenez, erostera joan dira gugana etorri aurretik. Oso hunkituta gaude”, gaineratu du hondarribiar bolondres taldeko buruak.

Bildutakoa Siria iparraldera bidaliko dute Madrilgo Los Olvidados GKEaren bitartez, azken asteetako bonbardaketen ondorioz desplazatuen artean banatzeko.

Horrez gain, asko izan dira ekarpen ekonomikoak egitea erabaki duten herritarrak, Hondarribikoak eta kanpokoak. Alde batetik, “Olvidadosekin kontsulta egin eta gero, aterkiak eta belarri-berokiak erostea” erabaki du Hondarribia-Katsikasek;zehazki, “250 aterki, 100 kapa eta 1.000 belarri-beroki” erosi dituzte eta horiek ere bidalketan joango dira. Eta diru horren beste zati batekin, “haurrentzako janaria erosi eta bidaliko du” Madrilgo GKEak.

Hondarribia-Katsikasen boluntarioek dagoeneko material osoa sailkatu eta prestatu dute, eta aste honetan bertan bidaliko da Siriara, Madrildik aterako den kamioi baten barruan.

Secciones