Elejalde eta Olarra upategia, Beasaingo odolkiaren kofrade

Astelehenean, San Martin egunean, ospatu zuten Beasaingo Odolkiaren kofradiak 33. kapitulua

M. Aranburu - Miércoles, 7 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

beasain - Astelehena egun euritsua izan bazen ere, kolorez jantzi zituzten kaleak Beasaingo Odolkiaren Kofradiako kideak. Urteroko legez, San Martin egunean egiten dute ospakizun eguna eta aurtengoan ohorezko kofrade izendatu dituzte Karra Elejalde aktorea eta Olarra Upategia.

Egun osoko festa izan zuten herrian. Goizean Igartzatik Erauskin plazaraino desfilea egin zuten 23 kofradiatako kideek ohiko jantzi koloretsuekin batera, Musika Eskolako txistularien eta bandaren laguntzarekin. San Martinen estatuan aurreskua dantzatu zuten eta segidan lore eskaintza egin zuen Beasaingo Odolkiaren kofradiakide den Martin Urkiolak. Ohiturari jarraituz meza nagusira joan ziren ondoren. Handik, plaza azpian egindako ekitaldi nagusian inguratu ziren guztiak, 12.00etan, eta ez ziren falta izan Batzokia elkarteak eta institutuko ikasleek egindako odolki pintxoak ere. Odolkiaren Kofradiako kide izatea onartzearekin batera, Karra Elejaldek eta Olarra Upategiko arduradunek zin egin zuten, hitz emanez eta konpromisoa hartuz, “Beasaingo Odolkiaren zaindariak eta sustatzaileak” izango direla.

ohorea Gustura agertu ziren bi protagonistak. Hala agertu zuen Elejalde aktoreak: “Munduko odolkirik onena egiten den lekuan nago eta oso harro sentitzen naiz nirekin kontatu duzuelako hain ona den produktu honen ohorezko kofradiakide izateko”. Olarra Upategikoak ere esker oneko hitzak izan zituzten: “33 urte daramatzagu Beasaingo Odolkiaren Kofradiarekin eta ohorezko kofradiakide izatea bihotzeraino iristen zaigu. Gure ardoa eskaintzera joaten garen tokietan, Beasainen eta odolkiaren izena eramango dugu”.