Islandiako erretratuak, zuri-beltzean

Imanol Mendizabal ordiziarra hark Islandian ateratako argazkiekin osatu duen erakusketan, Barrena jauregian.

imanol mendizabal ordiziarra islandiako herri txiki batean bizi da eta bertako argazkiekin erakusketa osatu du

M. Aranbururen erreportajea eta argazkiak - Jueves, 8 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Bi pasio uztartu berri ditu Imanol Mendizabal ordiziarrak: argazkilaritza eta Islandia. Turista moduan joan zen duela bost urte herrialdea ezagutzera eta “izugarri” gustatu zitzaiola azaldu du, hainbeste, non argi zuen bertan bizitzen pasa nahi zuela denboraldi bat. Orain, beste hilabetez, martxora bitartean, Ordizian egongo da, berriz ere Islandiara itzuli arte. Astelehenean inauguratu zuen Barrena Jauregian ikusgai dagoen Islandian ateratako argazki bilduma.

Islandiako hiriburutik, Reikiaviketik, hiru ordura dagoen Djupavik izeneko herri txiki batean bizi da duela bi urtetik, nahiz eta hilabete batzuk Ordizian igarotzen dituen. Nolako herria den galdetuta honako erantzuna eman du: “oso isolatuta dagoen herri bat da. Gaur gaurkoz, gainera, bi pertsona bakarrik bizi dira”. Antza, duela urte ba-tzuk bertan arraietatik olioa atera-tzen zuen enpresa bat zegoen, baina abandonatua izan zen denborak aurrera egin ahala. Urte batzuk hala pasa ostean, bikote batek hartu eta goitik behera eraberritu dutela azaldu du: “orain zortzi logela eta jatetxe bat daude eta nik bertan egiten dut lan sukaldari moduan, eta lantoki zaharraren inguruko azalpenak ematen ere aritzen naiz gida moduan”.

Basogintza eta loregintzako ikastaroak eginak ditu Mendizabalek, eta arlo horretatik joz, ingurugiro proiektuetan boluntario bezala ibili zen hasieran, sei hilabetez. Bertan, bikote bat ezagutu zuen, eta hurrengo urtean, haiekin harremanetan jarri zen. “Ordizian nengoela deitu eta esan nien ea lan egin nezakeen haiekin, eta baiezkoa erantzun moduan jasota Islandiara joan nin-tzen bi aldiz pentsatu gabe”.

islandiako islada Argazkilaritza betidanik gustatu zaiola azaldu du ordiziarrak: “betidanik izan dut gustuko, baina batez ere, gogo edo ikuspegi fotografiko hori Islandiarako bidaia egin nuenean piztu zitzaidan”.

Valkyrkja izena jarri dio erakusketari. Europa iparraldeko mitologian gudu zelaietan nor hiltzen den eta nork bizirauten erabakitzen duen pertsonaia ezagutzen da izen horrekin eta horrez gain, “Islandiar poesia zaharrean historian zehar bizi izan ziren hainbat emakume izen horrekin ere ezagutzen dira. Nolabaiteko profeta mitologikoa bailitzan, irudi mitologiko hori lurreko mundura ekarriz”, agertu du. Horregatik, berak ateratako argazki guztietan, pertsonak daudenean behintzat, emakumezkoak ageri dira. “Nolabaiteko protagonismoa eman nahi nien”, zehaztu du.

Islandian pentsatzean, gehienetan, irudi koloretsuak etortzen direla burura azaldu du Mendizabalek: “beti ageri ohi dira ur-jauziak, kolore saturatuko paisaiak, aurora borealak...”. Baina, ihes egin du metodo horretatik: “nik guzti horretatik aldendu egin nahi nuen eta horregatik guztiak zuri beltzean daude”.

modu tradizionalean Argazkiekin Islandiarren bizimodua islatu nahi izan du, baina horrek ere lana suposatu dio. Izan ere, argazkilaritza teknika tradizionalak erabili ditu soilik. “Betidanik gustatu izan zait gauzak nire kabuz egitea eta Interneten begiratuz ikasi dut nola egiten den, zein den prozesua”. Islandian ateratako mila argazki baino gehiagorekin Ordiziako Ortzadar argazkilaritza elkartearen laborategira jo zuen eta bertan eskuz film negatibotik handitutako argazkiak atera zituen. “Lan handia da, eta oso kontuz ibili beharra dago garbitasunarekin, bestela, argazkiek ez dute balio. Hala ere, oso gustura nago lortutakoarekin”.

Secciones