Puritanismoa

Por Bixente Serrano Izko - Domingo, 4 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

Anjel Lertxundik dio Horma eleberriko pertsonaia bati buruz: “Orduan intuizioa deitzen zion gaur etika deitzen dionari”. Gaur bizi gaituen puritanismoaren olatuaren efektu bat islatzen da erramolde horretan, bikain islatu ere. Lehenagoko intuizioa, halako sena (sen arruntzat ere jo dezakegun hori), betiere erlatibo eta eztabaidagarria, etikaren printzipio mugiezin, inperatibo moraltzat jotzera pasatu da. Eta ez bakarrik, puritanismoarena, bere behialako zentzurik atzerakoienean, neurri handi batean gainditutzat jotzen genuen gizarte viktoriar haren zentzu hertsagarri eta itogarrian, ez bakarrik moral kontserbadore haren zentzuan, balizko progresismoaren izenean ere hedatzen ari da gaur egun puritanismoa uholde baten an-tza, uholde batek bere ur uherretan ekartzen duen guztiarekin, zentsura grina barne. Dela osasun arloan, dela hainbat jenderen sentiberatasunarekiko begirune kontuetan, dela estetikan, dela gramatikan, dela feminismoan, dela ekologian, dela politikan… Halako moldez, non etika mugiezin horren zaintzaileak robot bihurtzera ere, zentsura-tzaile automaten eskuetan uztera iritsi den Interneteko sareetan.

Beldurrak nengoen ez ote zuten zentsuratuko egunen batean Goyaren Maja biluzia Interneten edo arte erakusketetan. Tira, Vatikanoan Michelangeloren gorputz biluziei oihalak margotu zizkieten haien lotsariak-eta bistatik desagerrarazteko, XVI mende inkisitorial hartan. Baina hara non, eta joan den abenduan Feisbukeko zentsuratzaile automatek ez zuten onartu sareko horma batean Willendorfeko Venusa erakustea;bi hilabete berandu eskatu dute barkamena eta zuzendu akatsa sarearen arduratzaile gizatiarrek. Pasadizo antologiko bat inondik ere, puritanismoaren eta zentsuraren ikur bihurtzeko modukoa.

Telebistetan-eta inor zigarrotxoak erretzen agertzea debekatu zuten bezala, holaxe debekatuko dituzte martxa honetan hizkera gordinak ere filmetako gidoietan. Areago, badaude egon mugimendu progresistak hiztegiak murriztu nahi dituztenak, hiztegiak katekesietako katiximen tankera moraleko eta tamainakoak nahi izanen lituzketenak, bertze behin paper honetan erran nuen bezala.

Ez da harritzekoa, giro puritano honetan, auzitegiek ere parte hartzea hainbat txiolari, umoregile, pailazo, kazetari, artista, liburugile zigortuz edo haien lanen zabalpena debekatuz. Honetan, espainiar justizia sistema, eredu. Hain eredugarri non, Lertxundiren pertsonaiak iraganean bezala, intuizio hutsaz hitz egin beharko baikenuke etika unibertsal inperatibo batez baino gehiago, kontuan harturik zer nolako irizpide etikoak erabili ohi dituzten: epaileen etika politikoaren irizpideak alegia, hain mahuka zabalekoak, adibidez, kode penalean burugabeki kodifikaturiko gorroto delituen zakuan batzuk ez sartzeko, hain zorrotzak aldiz bertze batzuk sartzerakoan. Zer diotsen euren sentiberatasun politikoak, zer diotsen euren intuizioak epaile curriculum politiko garbi zuzen puritanoa lortze aldera.

Puritanismoa, hala progrea nola karka, beti atzerakoi. Eta arma politiko zapaltzaile.