Langabeziak 569 pertsonatan egin du behera Nafarroan, azken 12 urteotako otsaileko daturik onena lortuz

Hilabete berean, Gizarte Segurantzako afiliazioak 2.311 pertsonatan gora egin du, 2006az geroko igoerarik handiena lortuz

Lunes, 5 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 13:01h.

Nafar Lansareko Agentzietan erregistratutako langabeen kopurua 36.088 pertsonatan kokatu da otsailean. Hortaz, hilabete horretako langabeziari buruzko datuen balorazioa arras positiboa da, langabeziak 569 pertsonatan egin baitu behera, -% 1,6, eta 4.632 pertsonatan behera urte batean, hots, -% 11,4. Gainera, aurreko urteekin alderatuz gero, balorazio hori are positiboagoa da. Horren harira, aurreko hilabeteek normalean langabeziaren jaitsiera errazten ez duten arren, otsaila hilabete positiboa izan ohi da azken urteotan. Hortaz, helburua jaitsiera horri tamaina hartzea da, beste urte batzuetan gertatutakoarekin konparatuz. Alderaketak argi utzi du otsail honetako langabeziaren beherakada orain arte izandako positiboena izan dela, krisiaren aurreko otsailak ere kontuan harturik.

Beraz, langabeziak azken hamabi urteotan izan duen jaitsierarik handiena izan da. Izan ere, aurreko bi urteetan izandako aldaketekin konparatuz gero, langabeziaren hileko jaitsiera handiagoa izan dela egiaztatzen ahal da. 2017ko otsailean izandako jaitsiera % 1,27koa izan zen, 2016an % 0,04koa eta 2015ean % 0,77koa. Krisiaren aurreko urteetara joz gero, 2007ko otsailean izandako jaitsiera ere txikiagoa izan zen, % 1,08koa.

Horrekin batera, urtaroen araberako eragina kontuan harturik, litekeena da langabeziaren jaitsiera bere horretan mantentzea uda igaro arte, eta hortik aurrera gora egitea. Ondorioz, arestian adierazi den gisara, gorabehera horien intentsitatea konparatu behar da, jaitsiera horiek langabezia areago murrizteko gauza izan daitezen. Urteko kopuruei so eginik, langabeziaren % 11,6ko jaitsiera hori da azken hamabi urteotan izandako langabeziaren murrizketarik handiena. Hemen ere, aurreko urteekiko konparazioak jaitsiera mesedegarriagoa frogatzen du. Hartara, 2017an jaitsiera garrantzitsua izan zen, baina txikiagoa, % 9,7koa, 2016an langabezia % 8,1 murriztu zen, eta 2015ean % 7,6. Bestetik, krisiaren aurretik gertatutakoaren eredu gisa, 2007ko datuaren arabera, langabeziak % 5,1eko jaitsiera izan zuen urte batean, hau da, 6,5 puntu txikiagoa. Laburbilduz, urtaroen araberako eragin errepikakorren gainetik, argi eta garbi finkatu da langabeziaren beheranzko joera.

Horren inguruko estimazioak positiboak dira. Ez dugu ahantzi behar Nafarroako langabezia-mailarik handiena 2013ko otsailean izan zela, 56.524 langaberekin. Harez geroztik, murrizketa % 36,3koa izan da, hau da, 20.516 langabe gutxiagokoa. Bestalde, Estatuan langabezia % 0,18 jaitsi da hilabete batean eta % 7,48 urte batean. Hortaz, hilabeteka nahiz urteka, langabezia bizkorrago murrizten ari da Nafarroan. Izan ere, Nafarroa lehen postuan kokatu da langabeziaren jaitsieran, Aragoiren (-% 11,1) eta Galiziaren (-% 11,2) aurretik.

Euskadirekiko (-% 8,65) nahiz Errioxarekiko (-% 8,4) aldea 3 puntu ingurukoa da. Langabeak babesteko Estatuko Sistemaren estaldurari dagokionez, aurkeztuta azken datuek agerian utzi dituzte berriz ere sistema horren mugapenak, estalduraren proportzioan izandako hobekuntza arina gorabehera. Azken datu erabilgarriaren arabera, urtarrilean, lagabeziako estaldura-tasa % 50,3koa izan da. Hau da, abendukoa baino 0,8 hamarren handiagoa eta duela urtebetekoa baino puntu erdi handiagoa. Laburbilduz, langabeen erdia baino gehiago, % 53,9, estaldurarik gabe daude sistema honen barnean. Horrela, langabe guztiak kontuan harturik, Nafarroan 19.770 lagabe estaldurarik gabe daude. Horren kariaz, garrantzi handikoa da Errenta Bermatua bezalako tresna propioak izatea. Estatuan, estaldura-tasa % 59,2koa da, hots, 8,9 puntu handiagoa. Izan ere, urte batean, Nafarroan estaldura-tasa bost hamarren igo delarik, Estatuan 2,7 puntu gehitu da.

Gizarte Segurantzako afiliazioa eta kontratazioa

Langabeziaren jaitsierarekin batera, igoera adierazkorra gertatu da afiliazioan. Hortaz, enpleguaren hazkunde berri bat gertatu da. Langabeziari buruzko datuekin bezalaxe, aldaketa are positiboagoa da, azken hamabi urteotako otsailean gertatu den hazkunderik handiena dela kontuan hartzen baldin badugu, 2006an eta 2007an izandako hazkundeak baino are handiagoa. Datuei dagokienez, Nafarroan 273.873 pertsona Gizarte Segurantzan afiliatuta zeuden otsailean, aurreko hilean baino 2.311 gehiago, eta iaz baino 10.072 gehiago. Aldaketa horiek, beraz, % 0,85eko igoera ekarri dute hilabete batean, eta % 3,82ko urteko hazkundea. Estatuarekin alderatuz gero, afiliazioaren igoera handiagoa izan da hileka zein urteka. Estatuan, hilabeteko igoera % 0,45ekoa izan da eta urtekoa % 3,47koa.

Gainera, kontuan izan behar da lagabezia-tasaren aldea ia zazpi puntukoa dela. Bestalde, nabarmendu behar da langabezia-tasa txikiagoak dituzten beste Autonomia Erkidegoekiko konparazioak (Euskadi, Aragoi eta Errioxa) egoera positiboagos islatzen duela afiliazioaren hileko eta urteko hazkundeari dagokionez. Adierazi denez, Nafarroan, langabezia-tasarik txikiena duen komunitatea izanik, afiliazioaren urteko igoera % 3,82koa izan da. Hartara, langabezia-tasarik txikieneko bigarren erkidegoa den Euskal Autonomia Erkidegoan, urteko igoera % 2,21ekoa izan da;Aragoin, langabezia-tasarik txikieneko hirugarren erkidegoan, % 3,62koa, eta Errioxak, langabezia-tasarik txikieneko laugarren erkidegoak, % 2,80ko urteko igoera izan du afiliazioan. Ez dugu ahaztu behar afiliazio-kotarik txikiena 2014ko urtarrilean egon zela: 243.505 afiliazio. Beraz, otsaileko azken datu kontuan hartzen badugu, 30.368 afiliazio gehiago egon dira, % 12,5eko igoera, beraz. Kontratazioari buruzko kopuruei dagokienez, aurreikus zitekeen bezalaxe, kontratazioak behera egin du hilabete honetan. Horrela, 2018ko otsailean, lan-zentroa Foru Komunitatean duten 26.322 kontratu erregistratu dira Nafar Lansarean.

Honek esan nahi du aurreko hilabetean baino 4.930 kontratu gutxiago zeudela, -% 15,8. 2006az geroko konparazioari so eginik, ohikoa bide da kontratazioak behera egitea urteko bigarren hilabetean. Hala eta guztiz ere, urteko kopuruetan, kontratuen kopuruak % 10,4 egin du gora, kontratazio-kopuru historikoak lortu ziren 2017. urteko otsailean baino 2.474 kontratu gehiago bilduz. Horren harira, 2018ko urtarrileko eta otsaileko datu metatuek islatzen dutenez, egun 2017ko epealdi berean baino % 8 kontratu gehiago daude. Positiboko nabarmendu beharreko beste elementu bat da mugagabeko kontratazioan izandako urteko igoera, aldi bateko kontratazioarena baino argiro handiagoa. Urte batean, mugagabeko kontratuen kopurua % 22,2 igo da, eta aldi bateko kontratuena % 9,5. Aldaketa horien ondorioz, otsailean egindako kontratazioen % 8 gutxi gorabehera kontratazio mugagabeak izan dira, aurreko hilabeteetako proportzioa gaindituz (2012ko hasieraz geroztik ez da honelako portzentajerik izan).

Secciones