Hirugarren Trikitixa jaialdia Arantzan

Larunbatean hainbat taldek joko dute eta Azpeitiko Sahatsak dantzatuko du

Miércoles, 7 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

arantza - Udaleko Kultura Batzordearen ekimenez, Arantzako eta inguruko trikitixa eskoletako musikariak bilduko dira frontoian, larunbat arratsaldeko 4.30etik aitzinera ospatuko den III. Trikitixa Jaialdian.

Hauek izanen dira partaideak: Doneztebeko Agorreta musika eskola, Arantzako trikitilariak, Etxalarko trikitilariak eta Elizagoien ahizpak, Berako Irats Trikitixa eskola eta Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskola, Lesakako Trikitixa Eskola eta Udal Musika Eskola eta Aurtizko Mendaur Trikitixa eta Panderojoleen Eskola.

Azpeitiko Sahatsa Dantza Taldeko dantzarien saioak ere izanen dira jaialdian. Emanaldia bukatuta, partaide guztientzat oroigarriak eta berendua eskainiko dituzte eta hondarreko bi urteetan bezala, omenaldirik ere ez da faltako.

Bertzalde, publikoaren artean, hainbat laguntzailek eskainitako opari bikainak ere zozketatuko dituzte.

Emanaldia 16.30ean hasiko da. Sarrera bortz eurotan izanen da eta 12 urtez beheitikoek ez dute ordaindu beharko. - A.A.A.