Geldirik, baina bizirik

Zeraingo Larraondo zerrategiak 25 urte bete ditu jendearentzako erakusgarri jarri zenetik. Urtemugaren harira bisita gidatua egingo dute igande honetan, eta argazki erakusketa ere jarriko dute.

M. Aranbururen erreportajea - Jueves, 8 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

Goierri sakonean kokatzen da Zerain herria. Herriaren goialdera iritsi ostean, magaletik inguruko herriak ikusi daitezke eta mendien ikuspegi zoragarria ere eskaintzen da bertatik begiratuz gero. Biztanle gutxi dituen arren, 250 inguru, altxor ugari daude bertan, bai kultura, kirol zein natura aldetik ere. Horietako bat Larraondoko zerrategia da eta aste honetan bertan 25 urte bete dira guztiz eraberritu eta jendaurrera zabaldu zenetik.

1890. urte inguruan izan zen eraikia zerrategi hau. Denboran zehar, uraren indarrari erabilera ugari eman izan zaio Euskal Herrian eta Zeraingo Larraondoko baserrikoak ere, uraren indarraz baliatu ziren hainbat urteetan zerrategiko lanak egin ahal izateko. Bertan makina bat lan eta proiektu egin ondoren, 1960. urte inguruan utzi zioten Larraondoko familiakoek zerrategia erabiltzeari eta ordutik bertan mantendu da, erreka bazterrean, geldirik eta isilean. Hala ere, oraindik ere haren mekanismo zaharkituak lanean ikusteko aukera ere eskaintzen du.

Zeraingo Turismo bulegotik astebururo antolatzen dituzte bisita gidatuak, baina igande honetarako antolatu dutena berezia izango da eta zerrategiaren xehetasun guztiak azalduko dituzte bertan. Aitziber Makazagak, turismo bulegoko arduradunak, zerrategiaren garrantzia nabarmendu du: “garai hartan oso garrantzitsua izan zen, azkenean, XIX. mende amaieran eraikitakoa da, eta Aizpeako meategiko aktibitateei lotuta egongo zen”. Zerain beti egin da oso lotuta burdin ustiaketari. Hain zuzen, XI. mendean hasi eta mendeetan zehar, Aizpeako meategietako 150 hektarea zabaletan, burdina ustiatzen zuten. Baina burdin ustiaketa hauek ere bukaerara iritsi ziren eta 1951. urtean itxi ziren behin betiko labeak, bertako lanak amaituz. Bien arteko konparazioa egin du Makazagak: “Larraondoko zerrategia bizirik dagoen zerbait da, oraindik ere mugimenduan jarri daiteke. Bestalde, ondoan dago meategia, badaukagu horien inguruko informazioa eta nondik norakoak, baina hilda daude, egun ez da posible burdina ustiatzen ikustea”.

berritze lanak Zerrategia geldirik egon zen hainbat urtean, baina 80ko hamarkada inguruan zeraindarrak jabetu ziren herrian altxor ugari zituztela eta horiek berreskuratu egin behar zirela, “ondarea herriaren esku utzi behar zela”. Batetik, herriaren nortasunaren isla zirelako, eta bestetik, herriarengandik jasotakoa herritarrei nahiz kanpotarrei erakutsi behar zitzaiela erabaki zelako. “Nik uste zerrategiarena hasiera bat izan zela eta oraingo Zerain ulertzeko oinarrizkoa dela”, zehaztu du.

Hala, Larraondo baserriko familiak Zeraingo Udalari eman zion Larraondoko zerrategiaren erabilera zesio baten bidez 100 urterako. Udalak zerrategia zaharberritu eta balioan jartzeaz gain, epe honetan mantentze lanak egiteko ardura hartu zuen eta bisitatu nahi zuen edozeinentzat erakusgarri ere jarri zuen. Ez zen lan erraza izan orain dagoen itxura lortzea zerrategiak, izan ere, mantentze, zaharberritze eta balioan jartzeko lan horiek 8 hilabetez iraun zuten. Garai batean zuen itxura mantentzen saiatu ziren zeraindarrak, ahalik eta aldaketa gutxien eginez. Horregatik, eraikinaren egitura, aldaparoa eta errekatxoaren bidea, besteak beste, lehen zeuden moduan mantendu dira, inguratzen diren guztiek zerrategia benetan nolakoa zen ikusteko aukera izan dezaten. Eraberritzeko lan horiek egiterako orduan erabili zen materiala ere bertakoa edo ingurukoa direla jakinarazi dute turismo bulegotik.

auzolanean Zerrategia Zeraingo herritarren “auzolanaren ondorioz” eraberritu eta mantendu dela agertu du arduradunak: “pentsa, Larraondo familiakoak ere zeraindarrei utzi die ondare hori ehun urterako. Askok, seguruenik ez zuten usteko beste 25 urte martxan iraungo zuenik, baina gaur egun gerturatzen den orok, aldaparoan gordetako uraren indarrarekin bi turbinak nola mugitzen diren ikusteko aukera du. Turbina batekin argi-indarra lortzen da eta bestearekin berriz, zerrategian dauden 11 tresna eta makinak martxan jartzen ditugu”, gehitu du.

Gaur egun Turismo Bulegoak altxor hau bisitatzeko aukera eskaintzen du, asteburu eta jai egunetan. “Igande honetan egingo dugun bisita gidatua berezia izango da. Hasteko, goizeko 10.30ean abiatuko gara guztiok Zeraindik eta zerrategira joango gara. Bertan, martxan jarriko dugu eta azalpenak emateari tartea ere eskainiko diogu”. Horrez gain, inaugurazioko zein urte hauetako argazkiak bildu dituzte eta erakusketa batean izango dira ikusgai. “Argazki asko bildu ditugu, garai ezberdinetakoak”, aurreratu du. “Ziur jendea oraindik ere ez dela bertara inoiz iritsi, zerrategia inoiz ikusi gabe daukan jendeari gerturatu nahi diogu ekintza hau”. Zerrategiaren garrantzia ez da asmatutako zerbait, hain zuzen, 2011an Eusko Jaurlaritzak hala erabakita, Zeraingo Larraondoko zerrategia, Kultura Ondasun gisa, monumentu izendapenaz Euskal Kultura ondarearen zerrenda orokorrean sartu zen. Ez dago dudarik interes bereziko lekua dela eta historian atzera salto egiteko aukera ere eskaintzen duela zerrategi honek. Horregatik, bisita gidatura animatzeko deia egiten dute Zeraingo Turismo Bulegotik, “inguruan ditugun gauza baliotsuak ezagutzeko”.