Irurako udaletxea eraberritu nahi du Udalak

EH Bildu sinadurak biltzen ari da proiektuaren aurka 1.740.000 euroko gastua gehiegizkoa dela uste dutelako

Martes, 13 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Irura - Irurako Udalak udaletxea eraberritzeko proiektua du eskuartean eta horretara bideratu nahi ditu 2018 aurrekontuaren 1.740.000 euro. EH Bilduren ustez, ordea, gehiegizko gastua da “urteko aurrekontu orokor baten adinakoa delako” eta 2017koarekin konparatuz %50ean igoaraziko lukeelako aurtengo aurrekontuaren zenbatekoa. Gaur, 19.00etan, egingo den osoko bilkuran hartuko dute erabakia.

“Udalaren ibilbidean, proiektu bakar batean eta kolpetik inoiz egin den gasturik potoloena suposatzen du honek eta, larriena dena, orain arte zorrik gabeko herria zorpetuko duena”, dio Irurako EH Bilduk herritarrak informatzeko asmoz banatu duten eskuorrian.

EH Bilduk zabaldu duen informazioaren arabera, 1.740.000 euro bideratu nahi ditu udal gobernuak eta honek suposatzen du hamaika urtez, urtean 132.000 euroko zorpe-tzea ekarriko duela. “Eta hau guztia herritarron iritzia kontuan hartu gabe egingo dute. Epe ertain-luzean egin beharreko proiektua da gure ustez, baina ozen esan nahi dugu erabakia hartzeko moduarekin erabat kontra gaudela;herriaren gehiengoari galdetu gabe, informaziorik eman gabe”, dio EH Bilduk.

Udal gobernuak dioenez, azken hilabeteotan 100 herritarrei koltsultatu zaie telefonoz, eta horietatik 64 ados agertu dira udaletxea berri-tzearekin. EH Bilduk, ordea, inkesta bera nola egin den zalantzan jar-tzen du: “pertsona horiek nola, nork eta zer irizpide jarraituta aukeratu diren ez dakigu, eta behin baino gehiagotan eskatu arren, ez dugu jaso oraingoz behintzat, inkestaren diseinua eta emaitzei buruzko inongo txostenik. Herritarrei egin zaien galdera ere tranpatia iruditzen zaigu. Eta, batez ere, uste dugu horrelako tamainako proiektu batean herritar guztiek eduki beharko luketeela iritzia emateko aukera”.

Orain arte kudeaketan “zentzuz” eta “zuhurtziaz” jokatu dela uste du EH Bilduk, eta ez dute ulertzen udal gobernuak hartu duen norabidea. “Erabakia atzeratu eta eztabaidarako bidea irekitzeko exijitzen diogu Udalari”, diote.

Sinadura bilketa abian EH Bilduk proiektu hau geratzea eta herritarrekin konsultatzea proposatzen dio udal gobernuari. Horretarako, ekimen ezberdinak jarriko dituzte martxan, horien artean, gaiaren inguruko sinadura bilketa abian jarri dute. EH Bilduren Facebook edo Twitter bidez sinatu daiteke, baina paperean nahiago dutenek, udaletxeko ateko buzoian utzi dezakete sinadura. - M.S.S.