aste honetan

Euskadik eta Quebecek bien arteko kultur harremanak sendotuko dituzte

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak Quebec bisitatuko dute aste honetan, lurralde amerikarrarekiko kultur harremanak sendotzeko asmoz

EP - Lunes, 16 de Abril de 2018 - Actualizado a las 13:46h.

BILBAO. Quebeceko kultur erreferentzia nagusietako batzuk ezagutzeko aukera izango dute euskal ordezkariek aste osoan zehar, bai eta Marie Monpetit Kultura ministroarekin biltzekoa ere. Bidaiaren helburu nagusietako bat Montrealeko McGill Unibertsitatearekin esparru hitzarmen bat sinatzea da, epe laburrean Euskal Ikasketen Katedra bat sustatzeko.

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, bisita astelehen honetan hasiko da, Quebec hiriburuan. Quebeceko Udako Jaialdiaren eta Arteen eta Letreen Kontseiluko Batzordearen ordezkariekin bilduko dira bertan. Era berean, Zibilizazioaren Museoa eta Arte Ederren Museoa bisitatuko dituzte.

Asteartean, apirilaren 18an, hiriburuko beste zenbait kultur erreferentzia bisitatuko dituzte, tartean Literaturaren Etxea eta Arkeologiaren Erreserba Laborategia, han baitaude euskal baleontzien jardueraren aztarnak. Halaber, Marie Monpetit Quebeceko Kultura ministroarekin bilduko dira.

Biharamunean, apirilaren 19an, programak Ottawan jarraituko du, Quebeceko lurraldetik kanpo. Bertan, Canada Parks agentzia publikoko ordezkariekin biltzeko aukera izango dute euskal ordezkariek, Kanadako ondare historikoa, giza ondarea eta ondare naturala kudeatzeaz arduratzen diren agentziakoekin, alegia. Erakundearen egitekoen artean dago Kanadako leku historikoak kudeatzea, tartean euskal baleazaleen legatuarekin lotura dutenak.

Leku horietako bat da Red Bay euskal baleazaleen estazioa, Ternua eta Labrador probintzian kokatua eta 2013an Gizadiaren Ondare deklaratua. Gaur egun, itsaspeko ingurune arkeologiko preziatuenetako bat da Ipar Amerikan, eta bertako interpretazio zentroak baleazaleen historia azaltzen die bisitariei, ondare historikoa babesteko asmoz.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak memorandum bat sinatu zuen joan den azaroan Canada Parks agentziarekin, Euskadiren eta Kanadaren artean partekatutako historian sakontzeko helburuarekin. Gainera, asteazkenean bertan, Kanadako Historia Museoaren kudeaketa bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute.

MONTREAL

Ostegunean, apirilaren 19an, Quebeceko Montreal hirian jarraituko du bisitak. Bertan, euskal ordezkariak Dantza Garaikideko Eskolako arduradunekin bilduko dira, zehazki, Dantzaren Agorarekin eta Zirkuko Arteen Hiriarekin. Gainera, SODEC Kultur Negozioen Garapenerako Elkartearen nazioarteko harremanetako zuzendari Elaine Dumont-ekin bilduko dira.

Azkenik, ostiralean, apirilaren 20an, McGill Unibertsitatearekin esparru hitzarmen bat sinatuko da, datozen hilabeteetan Euskal Ikasketen inguruko katedra bat sortzeko asmoz. Hitzarmena sinatzeko ekitaldiarekin batera, zenbait hitzaldi eta mintegi antolatuko dira; horietan Ipar Amerikako beste zenbait unibertsitatetako ordezkariak izango dira, baita Agirre Lehendakaria Center-eko zuzendari Juan José Ibarretxe ere.