BERTAN

Euskararen hiriak badu hamaikakoa

Bidea egiten lagunduko duen luxuzko hamaikakoa prest, Donostiako euskal hiztunak aktibatu eta ohiturak aldatu nahi ditu udazkenean garatuko den Euskaraldiak: ahobizi eta belarriprest izateko deia zabaldu dute guztiek

Arantzazu Zabaletaren erreportajea. ArgazkiA Gorka Estrada - Viernes, 11 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Donostiak prest dauka bere hamaikakoa. “Ez nolanahikoa”, Xabier Euzkitzeren esanetan. Beroketa lanak egiten hasiko dira orain eta udazkenean ekingo diote benetako partidari. Helburua garbi dute: donostiarron hizkuntz ohituretan eragitea. “Sinetsita gaudelako euskararen erabilera suspertzea lor daitekeela”, gaineratu zuen Euzki-tzek, Donostiako Udalaren izenean.

Euskal Herri osoan antolatuko den Euskaraldia ekimenarekin bat egingo du Donostiak azaroaren 23tik abenduaren 3ra 11 egun euskarazlelopean, baina hortik aurrera ere donostiar euskaldunak aktibatu nahi dituzte. Eta horretarako auzoz auzo lanean ari badira ere, atzo aurkeztutako hamaikakoaren laguntza izango dute: musika, moda, zinea, kirola eta kazetaritzaren alorretan erreferen-tziazkoak diren pertsonak elkartu dituzte, baita auzoetako ordezkariak ere. Batzuk ahobizi izango dira eta belarriprest besteak, baina euskararen aldeko konpromisoan bat egiten dute.

Barbara Goenaga aktoreak hitz egin zuen ahobizien izenean. Ama hizkuntza euskara duenez, “meritu gutxi” duela berak iritzi zion, baina Euskaraldiaren hamaikakoaren parte izanda, egun “agian erosotasunagatik” erdaraz dituen harreman ba-tzuei buelta ematen saiatzea izango da bere “erronka pertsonala”, baita euskarazko harreman berriak sortzea ere. Ahobizien helburua belarriprestei laguntzea ere izango dela esan zuen. “Euskarari diogun maitasun hori besteei luzatu behar diegu, polita egin behar dugu, euskaraz aritzea erraztu”, gaineratu zuen.

Egian, aitzindari

“Erdaldun jaio nintzen, belarrimotz esaten zidaten”, aitortu zuen orain belarriprest izango den Mariano Ferrer kazetari beteranoak. Euskarara gerturatzea eta hizkuntza ikastea “ez zen erraza izan”, aitortu zuenez, baina bera bezala euskal hizkuntza ulertzeko gai direnak belarriprest izan daitezen deia luzatu zuen, “pozgarri eta pizgarri” izango delako.

Haiekin batera hamaikakoan egongo dira Miren Arrieta aktorea, Kontxu Uzkudun moda diseinatzailea, Iñaki Salvador musikaria, Josean Abecia Altza Hadi batzordeko kidea, Garazi Urrosolo Egiako euskara ba-tzordeko kidea, Mikel Irazusta herritarra, Xila Pihlstrom euskal herritar eta suomitar kultur eragilea, Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendaria eta Jokin Aperribay Realeko presidentea. Tabakalerako prisman elkartu ziren guztiak.

Haiekin batera atzoko aurkezpenean Eneko Goia Donostiako alkatea eta Ane Loidi Bagera elkarteko lehendakaria izan ziren, elkarlanean antolatuko baitute Euskaraldia hirian. “Gerri-gerritik heldu diogu erronkari. Donostian aitzindari izan gara euskararekin zerikusia duten gaietan eta Euskaraldiaren ernamuina ere Egian egin zuten kanpaina izan zen”, gogoratu zuen Goiak. Donostian euskaraz bizi daitekeela ziur dago alkatea: populazioaren %66k euskaraz badakiela edo ulertzen duela gogoratu zuen, baina erabilera datuak %15,2koak besterik ez direla ere bai. “Inertziak hautsi eta ohiturak alda-tzea norberaren esku dago, baina taldearen eta erakundeen babesa beharrezkoa da”, gaineratu zuen. Ildo horretan, Udalak ekimena babestu eta eredu ere izan nahi duela gaineratu zuen, “Donostiak euskararen hiria izaten jarrai dezan”.

“Donostiako hiztunak piztu nahi ditugu, auzoz auzo, sareak berraktibatu eta indartu nahi ditugu”, gaineratu zuen Loidik Bageraren izenean. Irailetik aurrera zabalduko dutela epea azaldu zuen ahobizi eta belarriprest moduan izena emateko eta Euskaraldian parte hartzeko.

Ahobiziek euskaraz egingo dute, solaskideak gaztelaniaz erantzunda ere elkarrizketa jarraitzen badu. Eta lehen hitza euskaraz egingo dute. Belarriprest izateko baldintza bakarra, berriz, euskara ulertzea da, eta besteei euskaraz aritzeko gonbita egingo diete. “Norbanakoak erabakiko du zer izan nahi duen”, azaldu zuen Loidik, baina parte hartzeak “praktikatzea” esan nahi duela gogoratu zuen. Ekimena taldean garatzearen garrantzia azpimarratu zuen Loidik.

Erakargarria

“Euskara erakargarri izatea lortu behar dugu, tokiko ezagutza kontuan hartuta, mezu positiboa zabalduta”, gaineratu zuen Garazi Urrosolo Egiako batzordeko kideak.

Herritarren lana, erakundeen babesa... eta enpresena ere beharrezkoa izango da Euskaraldia sustatzeko, herritar eta langileei euskaraz ari-tzeko esparruak erraztuz, baldintzak sortuz eta bitartekoak jarriz. Momentuz 20 sustatzaile baditu Donostiako Euskaraldiak eta gehiago izatea lortu nahi dute. Haien izenean Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendariak hartu zuen atzo hitza: “Denok eman behar ditugu pausuak;gure konpromisoa adierazi nahi dut”.

Sustatzaile, erakunde, auzoz auzoko talde eta hamaikakoak helburu bera dute: norbanakoak aktibatu, ohiturak aldatu eta Euskaraldiaren ondoren ere, abenduaren 4tik aurrera, euskarazko harremanei eustea.