Santuenea eta Zubieta arteko bidea itxita dago errauste-plantako obrengatik

Astean zehar, 8.00etatik 19.00etara ezingo da bertatik igaro, baina asteburuetan zabalik egongo da

Martes, 10 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Usurbil - Atzo hasi zituen NorteGasek errauste-plantara gasa eramateko lanak, Usurbilgo Santuenea auzoa eta Zubietako Amidi baserriaren artean.

Herritarren egunerokoan ahalik eta gutxien eragiteko, obrak hiru fasetan egingo dituzte. Amidi eta Urteagako baserrien arteko zatia egingo da lehenik;gero, Urteaga eta Ermotegi baserrien artekoa;eta, azkenik, Ermotegitik Santueneako sarrera artekoa. Lanok bi hilabete eskas irautea aurreikusten dute.

Lan-ordutegia 8.00etatik 19.00ak artekoa izango da, eta, baliteke, abuztuko larunbat batzuetan lan egitea, 8.00etatik 14.00ak bitarte.

Segurtasuna bermatzeko, lanean ari diren egunetan Santuenea Zubietarekin lotzen duen errepidea itxi egingo dute. Hala ere, eremu horretako auzokoei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko, Usurbilgo Udalarekin adostu da, laneko ordutegitik kanpo, astelehenetik ostiralera oinezkoak eta motorrik gabeko ibilgailuak pasatu ahalko direla soilik, eta ezin izango direla pasatu motorrezko ibilgailuak, beren etxebizitzetan sartzeko beste modurik ez duten egoiliarrak izan ezik. Asteburuetan, aldiz, bidea zabalduko dute.

Halaber, autobusari dagokionez, lantzadera bat jarriko dute Amidi baserritik Lasarte-Oriara joateko, eta T6 linearekin sinkronizatuta egongo da. Mikrobus anezka ordu bakoitzeko 20. eta 50. minutuetan abiatuko da obra-eremutik. - A.M.