Agur gotzain handi bati

Eider Mendoza - Miércoles, 11 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

jose Maria Setien Alberro, Gipuzkoako kristau elkartean ez ezik, gizartean ere eragin du, 27 urtetan Donostiako gotzain izan ondoren. Bere gotzain ikurra aukeratu zuenean 1979an argi adierazi zuen bere norabidea: “Ez dut Ebanjelioaren lotsarik”. Goiburu horren hondo-hondoan izan zituen beti kristau fedea eta giza duintasunaren defentsa, eliz- nahiz gizarte-giroan egokitu zitzaizkion gorabeheretan. Bere ekarpen eskergaren zenbait alderdi nabarmendu eta esker ona adierazi nahi nuke lerro hauetan, Setienen heriotzean.

Azpimarratzekoa iruditzen zait gotzain honek lankidetzari eman zion garrantzia. Esaten zuen bere ekarria ez zetorrela hutsetik eta ez zuela bakarkakoa izan behar. Ez zeuzkan saltzeko bere aurrekoen lana eta ingurukoek ereindakoa, ezta ere Donostiako Elizbarrutiko lankideak eta kristau elkartea. Azpimarratzekoa, Euskal Herriko beste go-tzainekiko elkarlana, herri bereko gotzain eta kristau elkarteen zerbitzurako Elizan.

Setienen gotzaingoaren beste ezaugarri funtsezkoa, gizarte bidezkoagoa eraikitzeko, behartsuenganako lehentasuna eta zuzentasun ariketa ageri dira. Gipuzkoarrok ez genituzke ahaztu behar Setienen bultzadaz, eta bere ingurukoen ekinaz, 80ko eta 90eko hamarkadetan ezina ziruditenak nola izan ziren eginak: Caritas eta herri behartsuekiko elkartasuna;drogatik askatzeko zerbitzua, Gizakia Helburu;kalean hiltzen ziren HIESdun gaixoentzako etxea, Loiola auzoan;gaixo eta presoen pastoraltzen hedapena… foru eta udal erakundeekin eskuz esku garatutako elizbarrutiko zerbitzuak. Beldur gabe esan dezakegu on egiten digutela gipuzkoarrei, gure onena ateraz.

Nola ez nabarmendu bakeaz eta politikaz Setienek utzitako ondarea. Arantzazuko otoitz igoera jendetsuak eta Pastoral Idazki pentsatu eta sendoak. Etenik gabe aurki-tzen dugu irizpide bera: gizakiaren eta bere duintasunaren nagusitasuna, eta giza eskubideen defentsa zorrotza. Ondorioz, Euskal Herriko bakeak defenditzean, indarkeria oro baztertu zuen eta irtenbide politiko justua aldarrikatu. Bere hitz sendoa deserosoa gertatu zitzaien ETAri eta Estatuko gehiegikerien arduradunei. Halaber, herri nortasun eta kulturari begirune handikoa, euskararen erabileraren alde egin zuen Gipuzkoako elizan, bakea eraikitzeko. Erasoak eraso, Setienek ez zion uko egin kon-tzientziak agintzen ziona esateari.

Neurri handian sekulartutako gure gizartean, fedea eta kultura elkarrizketan eta elkarlanean ari daitezkeela erakutsi du Setienek, bakoitza bere autonomiaz eta heldutasunez, herriaren ona bilatzen bat eginda. Mugak muga, berri on ugari utzi du Gipuzkoan eta Euskal Herrian Jose Maria Setien Alberrok. Goian Bego.