Nafarroako Jauregiko Bilera Aretoa apaintzen duten Gustavo de Maezturen horma irudiak zaharberritu dira

Lanei esker jatorrizko bizitasuna eta polikromia berreskuratu dira

Lunes, 27 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 19:49h.

Gustavo de Maeztuk 1935ean Nafarroako Jauregiko Bilera Aretoko hormak apaintzeko pintatu zituen horma irudiek jatorrizko bizitasun eta polikromia berreskuratu dituzte hein handi batean, abuztuan 8.688 euroko aurrekontuaz gauztu diren zaharberritze lanei esker. Emakumea nagusi duen irudi multzo honek aretoaren inguru osoa apaintzen du. 29 metroko luzera eta 1,80 metroko altuera ditu eta olioan pintatuta dago, lihozko bilbe lodiko mihisearen gainean. Erdialdean Nafarroako armarri bat dago, urre kolorekoa, Nafarroako Mendialdeko eta Erriberako jantzi tradizionalez jantzitako bi emakumek sostengatua. Alde batean zein bestean, Foru Komunitateko zenbat eremu geografiko - Baztan ibarra eta Erdialdea - eta nekazaritzako nahiz abeltzaintzako zeregin tradizionaletan diharduten pertsonaiak irudikatzen dituzten bi horma irudi handi daude. Beste toki batzuetan, San Frantzisko Xabier eta Bartolome de Carranza gisako pertsonaia historiko ospetsuak eta Uxue, Viaña, Iruña eta Leire bezalako leku ezagunak ageri dira. Kultura Zuzendaritza Nagusiak bultzaturiko zaharberritzea Artres Restauración S.L. enpresako espezialistek gauzatu dute. Lanetan, irudiak garbitu, hariak ezarri, iztukatu eta hutsuneak mailakatu, kromatismoa leheneratu eta bukaerako babesa eman zaie irudiei. Esku-hartzearen ondoren, irudi multzoak denboraren poderioz eta hautsa eta kea bezalako faktoreen eraginez itzalita zeukan hasierako itxura berreskuratu du. Aretoa erabiltzeko moduan izango da Gobernuak abuztuaren 29rako aurreikusia duen hurrengo bilerarako. restauradoras Nafarroako Gobernuak iaz argitaratu zuen “Artea eta artistak Nafarroako Jauregian”, Ignacio Urricelqui arte-historialariak multzoak ikuspuntu estetikotik duen garrantzia nabarmendu du. Haren iritziz, horrexetan lagundu dute “figuren bolumenak, marrazkiaren sendotasunak eta kolore modernoen erabilerak, zenbaitetan naturaletik askatuta, artistak eszenen konposizioan duen trebetasuna islatuz”. Gustavo de Maeztu Gustavo de Maeztu Whitney (Gasteiz, 1887 – Lizarra, 1947) pintorea eta idazlea Ramiro de Maeztu idazlearen anaia izan zen. Haurtzaroa Bilbon igaro zuen, eta bertan egin zituen pintura ikasketak Antonio Lecuonarekin batera. 1904tik 1908ra bitartean Parisen bizi eta "La Grande Chaumière" delako akademian ikasi zuen, baina garai batean pintura baztertu eta idazteari ekin zion. Frantziako hiriburuan, litografiako teknikan trebatu zen. Bilbora itzulita, El Coitao aldizkaria sortu zuen taldeko kidea izan zen, eta artikulu guztiak "Don Tejón Vélez Duero" izengoitiarekin sinatu zituen. 1911n lehenengo liburua plazaratu zuen, El imperio del gato azul. Ondoren, zenbait egonaldi egin zituen Londresen, Parisen eta Madrilen. 1916an bidaia bate gin zuen Espainian zehar, herriko pertsonaien zirriborroak landuz. 1936az geroztik Lizarran bizi izan zen eta pinturari ekin zion buru-belarri. Euskal pintura eraberritu zuen lehen belaunaldiko kidea izanik, mende hasierako joera frantsesen sintesi eklektikoa landu zuen, gauzatzearen bat-batekotasuna, koloren gorespena eta ingeradaren indarra nabarmenduz, Euskal Herriko eta Gaztelako paisaietako gai kostunbristei ekinez;hala nola, Vozmediano eta Calatañazor gisako herriko pertsonaien serieak. Erretratua ere landu zuen, eta horren eredu dugu Patialako maharajaren irudi ezaguna. Bilera Aretoa Areto honetan egiten ditu bilerak Nafarroako Gobernuak. Bilera mahai handi bat dago gelaren erdian, eta haren inguruan kokatuta daude Gobernuko kideen eserlekuak. Eserlekuak gorriz tapizatuta daude, bizkarrean kate maila batzuk dituzte brodatuta, eta brontzezko bi arrano txikik buru ematen diete. Gustavo de Maezturen horma irudieez gain, Aretoak interes artistrikoko beste elementu batzuk ere baditu;hala nola, sabaia, irudi heraldikoak dituen haritzezko kasetoizko apaingarriez horniturikoa, Nafarroako armarriak eta Erresumako hainbat errege eta dinastiaren armarriak uztartuz: Antso Jakitunarena, Antso Azkarrarena, Champaigne, Evreux eta Vianako Printzerria. Objektu aipagarriak ere baditu AretoaK. Adibidez, erdiko tximinian dagoen XIX. mendeko erloju frantsesa, 1841eko Lege Hitzartuari buruzko alegoria duena;apostoluaren burua, Jorge Oteizak egina eta Salestarren kongregazioak Nafarroari emana, eta Foru Hobekuntzaren 1982ko lehen argitaraldiaren ale bat;Legearen testua 1982ko martxoaren 9an onartu zuen Foru Aldundiak, areto honetan bertan. Bilera Aretora sartzeko gelaurre txiki bat dago, eta bertan, tiraderak hezurrezko zutabetxo batzuez eta tailu urreztatuez apainduta dauzkan 1600. urte inguruko Berpizkundeko kabinetea ikus daiteke. Gelako hormetan kobrezko xaflan egindako margolan sorta bat dago, Peter Sionek XVII. mendean landua, Joseren eta haren anaien historia biblikoari buruzkoa.