Etxeen zaharberritzea bultzatu nahi du Baztango Udalak

Lekarozen, Beheitiko Saharrea eta Iturraldea, azken hau konpontzen ari dira.
Oronozko Arotzenea etxea zaharberritzearen azken fasean dago.

Bailaran dauden etxe zahar eta handiak barne-eraberritzeko plan berezia garatzea erabaki du udalbatzak

Fernando Anbustegi Juan Mari Ondikol - Viernes, 31 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

elizondo- Baztango herrigune historikoetako etxetzarrak husten ari dira, horregatik, herri guneak biziarazi eta etxe horien birgaitzea bultzatzeko barne-eraberritzeko plan berezia garatuko du Baztango Udalak. Horrekin bizitegien parkean eragin nahi du eta etxebizitza eskaintza eraikita dagoena berrituz handitu. Erabakia joan den abuztuaren 24an onartu zuen udalbatzak;ahobatez onartu zen EH Bilduk aurkeztutako proposamena.

Akordioan azaltzen denez, barne-eraberritzeko plan bereziak herrigune historikoen mugaketa eta identifikazioa egin beharko du;herrigune historikoen karakterizazioa eta gune hauen birgaitze osoa -fisikoa eta soziala- antolatu, hau da: bizitegi-erabilera, hornikuntza eta zerbi-tzuak berreskuratuz, herri paisaia mantenduz eta ondarearen kontserbazio eta eraikuntzen inbariante tipologiaren bitartez mantenduz.

Horretaz gain, ordenantzak eta araudiak proposatu beharko ditu, herrigune historikoak bereizten dituzten ezaugarri arkitektonikoak, urbanistikoak eta ingurunekoen errekuperazioa sustatzeko.

Barne-eraberritzeko plan bereziak Baztango hamabortz herrietako herriguneak bere barnean hartuko ditu eta Nafarroako Gobernuarekin zenbait auzo sartzea ere aztertuko da. Eraberritze plana onartu ondotik herriguneek birgaitzeko lehentasunezko area izendapena eskuratu dezakete, eta horrek, dirulaguntza handiagoetarako eskubidea dakar.

Behin udalbatzak akordioa onartuta, orain, Lurralde Antolaketako departamentuarekin planaren idazketa finantziatzeko hitzarmena sinatu beharko du Baztango Udalak.

Modu berean, etxeen zaharberritzea bultzatzeko nahiarekin bizigarritasun baldin-tzak arautzen dituen Foru Dekretua aldatzeko eskaria egina dio Udalak Nafarroako Gobernuari.

Gai honen lanketa aitzinatik dator, errate baterako, aurtengo martxoan Eusko Ikaskun-tzaren laguntzarekin gogoeta jardunaldi bat burutu zen, bertan, Gislaneko teknikariek, Nasuvinsako ordezkariek eta Baztango hainbat arkitektok parte hartu zuten, etxeen zaharberritzeen inguruko hausnarketak partekatuz.

murritzean

Etxe zaharrak. Baztango etxebizitzen %68a 1.900. urtea baino lehenago eraikitakoa da.

Etxe hutsak. Azken hamarkadetan etxebizitza berriak egin dira eta zaharrak hustu. Gaur egun, Baztanen, etxebizitzen %22a hutsik dago.

Arazoak. Etxetzarrak zaharberritzeko garaian hainbat arazo izaten dira: dirulaguntza falta, promozio arazoak, aurrekontu handiak...

Secciones