Irailarekin batera hasiko dituzte Agortako jaiak

Bihar ospatuko dute Usurbe mendira korrika igotzeko lasterketa ezaguna

Sábado, 1 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

beasain - Abuztuko jaiei jarraipena emango die Beasainmendiko Agorta auzoko festek. Irailaren lehen asteburuan ospatuko dituzte eta egitarau oparoa antolatu dute egun horretarako.

Gaurko iluntzearekin batera piztuko da sugarra, 21.00etatik aurrera abiatuko den herri afarian eta ondorengo auzoko mus txapelketan. Bertakoek gustura hartzen duten ekitaldia da eta ziur maila handiko jokaldi biziak egongo direla bertan.

Igandean goiza ikusgarri hasiko dute, 8.00etan hasita suziri jaurtiketa izango baita. 10.45ean, berriz, herri meza egongo da eta jarraian triktilari eta bertsolariak alaituko dute auzoko giroa.

Eguneko desafioa 11.30ean hasiko da. Hain zuzen ere, kros herrikoiari ekingo diote. Helburua Usurbe mendira nor lehen iritsi izango da eta oraingoz errekorra Oier Ariznabarretak jarria da, 2014 urtean. Korrika 20 minutu eta 44 segunduan bete zuen eginbeharra. Denbora marka hori hausten duenarentzat 80 euroko saria egongo da, gainera. Ar-tzaieneko plazan dago jarria abiapuntua eta leku horretan 10.00etatik hasita izena eman ahalko da.

Eguerdian, berriz, Iñaki Azurmendi eta Joxe Mari Olasagasti aizkolariek eta herri lau harrijasoitzaile gazteek ikuskizuna emango dute. Hauek amaituta hasiko da bazkari herrikoia eta arratsaldean haurrek jai hauetaz gozatzeko aukera izango dute haiei zuzendutako jolasetan. - M.A.

Secciones