'L’elisir d’amore' operak Baluarte Fundazioaren denboraldiari hasiera emango dio irailak 20an eta 22an

Domingo, 2 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 12:44h.

Baluarte Fundazioaren 2018-2019 Denboraldia, opera errepertorioko izenburu nabarmenenetariko batekin hasiko da, Donizettiren L’elisir d’amore, irailak 20an eta 22an. Programaziora eszenifikatutako operaren itzuleran –Opera Lagunen Gayarre Elkartearekin (AGAO) elkarlanean–, Sabina Puértolas soprano nafarra L’elisir d’amore operako emakume protagonista izango da lehenengoz eta lehen mailako interpretatzaileen talde baten burua. Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta OLGEko Opera Koruak ere parte hartzen dute, Matteo Beltrani zuzendariaren batutapean. Gurean izango dugun ekoizpena Suitzako Laussane hiriko Operaren Antzokiak egin zuen, 2012an, antzokia berriro zabaltzeko, eta Espainian ikusi ahal izango den lehen aldia da.  Bigarren emanaldirako (irailak 22rako) sarrerak salgai daude jada, 68, 54 eta 40 eurotan eta 30 urtetik beherakoentzat, 54, 43 eta 32 eurotan. Baluarte Fundazioaren denboraldiko gainontzeko ikuskizunetarako bezala, L’elisir d’amore operaren lehen saiorako txartelak irailak 6an jarriko dira salgai prezio berean. Gainera, bi emanaldiak baino hiru egun lehenagotik 30 urtetik beherakoek sarrerak 20, 16 eta 12 eurotan eskuratu ahal izango dituzte.  Adriano Sinivia eszena-zuzendariak galsoro batean utzita dagoen traktore baten gurpiletik hurbil bizi diren liliputar batzuen unibertsora eramango gaitu. Siniviak ohi ez bezalako giza mikrokosmos baterako bidaia zoragarri hau erabiliko du Gaetano Donizettiren opera bizi, distiratsu eta dibertigarri honen unibertso poetikoa dastatzeko. Opera honetan, hain zuzen, josteta eta sentimenaren arteko nahasketa zentzuduna hunkigarria da. Una furtiva lacrima erromantza, Nemorino gizonezko protagonistak interpretatua, pasarte liriko ezagunenetako bat da eta historiako tenor handi guztiek interpretatu duten aria bat.

Secciones