Nafarroako Orkestrak Baluartera 14 programa ekarriko ditu 2018/2019 Denboraldi berrian

Domingo, 2 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 12:44h.

Nafarroako Orkestra Sinfonikoak Construyendo/Eraikitzen lelopean 2018/2019 denboraldi berrian 14 abonu programa (28 kontzertu) eskainiko ditu Baluarten. Urriak 4an hasi eta maiatzak 31ra bitartean ospatuko den denboraldiak Manuel Hernández-Silva venezolarra zuzendari titular eta artistiko berria eta Asier Polo biolontxelista entzutetsua artista egoiliarra izango ditu. Kontzertu bakoitzerako sarrerak solteak heldu den irailak 10ean jarriko dira salgai, 15, 24 eta 30 eurotan. Gainera, 30 urtetik beherako gazteek data horretatik aurrera edozein momentutan txartelak 12, 19 eta 24 eurotan erosi ahal izango dituzte, edo %70eko beherapenarekin, hau da 5, 7 eta 9 eurotan, emanaldi bakoitza baina hiru egun lehenago eskuratzekotan.  Sinfonismo modernoak euskarritzat duen errepertorio bikainari helduko dio orkestrak. Horien artean, Mozart, Beethoven, Schubert, Brahms, Schumann, Bruckner, etab. dira aipatzekoak, bai eta orkestra-hizkuntzan aurrekoen lekukoa hartu zuten XX. mendeko klasikoak ere, hala nola Prokofiev, Stravinski, Britten eta Bernstein, eta funtsezko beste izenak, hala nola Txaikovski eta Sibelius, beste askoren artean.  Gure artekotzat dugu Nafarroako sinfonismo modernoaren aita, musikari bikaina, haren ondoko belaunaldi guztietan eragina izan zuena, hots, Fernando Remacha, beraren bi lan emanen baitira: Sinfonía a tres tiempos eta Cartel de fiestas”. Remachak ederki nabarmenduko du lan berrietan oparo izanen den programazioa. Horrela, gaur egungo nafar batek, Jesús Echeverríak, Perkusiorako kontzertua ondu du Orkestrarako, OSNko Javier Odriozola bakarlariak estreinatuko duena. Beste estreinaldi handia Fernando Velázquezen eskuetan utzi dugu;ospea eman diote zinemarako sortu dituen partiturek, eta orain, Biolontxelorako Kortzertuaidatzi du berritik Asier Polo biolontxelo-jole handiarentzat. Asier Polo Baluarte Fundazioko artista egoiliarra izanen da denboraldi berrian, eta Edvard Elgarren Kontzertua-n protagonista ere izanen dugu.  Beste behin ere, Juanjo Mena izanen dugu gurekin, eta ateak zabalduko dizkiegu Pablo González, Perry So, Alejandro Posada nahiz Christoph König zuzendariei. Aldi berean, leku nabarmena utziko diogu azken bost denboraldi honetan gure zuzendari titular eta artistikoa izandakoari, Antoni Wit-i. Bestalde, harro gaude bakarlari nafarren kalitate handiaz, Sabina Puértolas eta Maite Beaumont buru direla. Biek ere Pergolessiren Stabat Mater lana emanen digute. Gure bihotzeko abesbatza senidea ere izanen dugu gure artean, Iruñeko Orfeoia, denboraldiari hasiera eta bukaera emateko. Bidenabar esanda, denboraldi berrian lehen aldiz arituko zaigu Nafarroako Ganbera Abesbatza, eta Araba Abesbatza ere hartuko dugu, bere ibilbidearen 50. urtemugan.

Secciones