Julen Arburua SC kortaria

“Infernuko gasna’-rekin zerua ukitu dugu Ordizian, ezin sinetsian nago oraindik”

Uharte-Arakilgo gazta txapelketa irabazi ostean, Ordiziakoan gailendu da Kortaria gaztandegiko Julen Arburua. 26 urte ditu eta lau daramatza gazta egiten

M. Aranburu Ruben Plaza - Jueves, 6 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

ordizia - Irrifartsu eta bereziki hunkituta azaldu da jende artetik SC Kortaria gaztandegiko Julen Arburua aurtengo Ordiziako gazta txapelketako irabazlea dela jakin bezain laster. Lekaroztarrak lehen aldiz irabazi du Ordizian eta Antonio Arburua eta Maddi Jimenez gurasoak alboan dituela “amets batean” dagoela nabarmendu du. Merkatuan Infernuko gasna izenpean aurkitu daiteke haien altxorra.

Aurtengo Ordiziako gazta txapelketako irabazlea zara. Nola jaso duzu berria?

-Ikaragarrizko poza sentitzen dut, ez da erraza deskribatzen. Niretzat Ordiziako gazta txapelketa irabaztea beti izan da betiko amets bat, hor urrunean ikusten nuen zerbait... eta orain lortu dudala, oso-oso pozik sentitzen naiz, oraindik ere ezin sinistuan, izan ere, ez da egunero lortzen den zerbait Ordizian irabaztea.

Zer nolako gazta aurkeztu duzu gaurko lehiaketara?

-Otsailean egindako gazta bat da, ketua. Egia esan behar bada agian ez da oso gazta fuertea, nahiko zapore suabea duela esan daiteke, baina deskribatu beharko banu oso ekilibratua dela esango nuke, jateko erraza. Dirudienez behintzat, gustatu zaie epaimahaikoei eta izugarri gustura nago oraintxe lortu berri dugunarekin.

Argi zeneukan gazta keduna aurkeztuko zenuela?

-Niri betidanik halakoa gustatu izan zait eta aukeraketa egiterako orduan hala erabaki genuen aurkeztea.

Uharte-Arakilen Nafarroako txapeldun atera zinen orain dela egun gutxi.

-Bai, joan den astean izan zen txapelketa eta orduan aurkeztu nuen gazta gaurkoaren antzekoa izan zen, egun batzuk zaharragoa zen hura. Hango lehen postuarekin oso pozik gelditu nintzen eta gaurkoa amets bat da niretzako.

Gurasoak ere alboan dituzu gaur, gazta egiterakoan ere hala izaten da?

-Bai, noski. Nahiz eta gazta nik egiten dudan batez ere, gurasoak ere hemen daude eta beraiek ere ibiltzen dira nirekin batera, guztion lana da hau.

Gazta aukeratzerako orduan ere familiakoekin kontsultatzen duzu?

-Bai, guztiok probatu ohi dugu eta gustukoa bada, hori aurkezten dugu.

Ordiziako txapelketak, dudarik gabe, izen handia du eta orain errekonozimendua ere ekarriko dizue. Indarra ematen al du halako sari batek?

-Zalantzarik gabe. Gu, hala ere, egunero saiatzen gara lan on bat egin eta produktu onak egiten, baina holako sari bat ateratzeak bultzada handia ematen du.

Saria esku artean jaso bezain laster emozioa heldu da zure begietara. Norbaiti zuzentzen al diozu garaipen hau?

-Uharte-Arakilen egindako txapelketan ere irabazi egin nuen eta orduan nire arreba izan nuen gogoan. Gaurkoan ere halaxe izan da eta berari eskaintzen diot lehen saria.

Zerbaitengatik bereziki?

-Orain dela bi urte hil zen eta beraz, berarentzat doa garaipena. Oso presente daukat.

26 urte dituzu eta datorren hilabetean beteko dituzu 27. Askotan zaila izaten da gazteak lehen sektorean lanean ikustea.

-Bai, baina ni gustura ibiltzen naiz, asko gustatzen zait. Gainera, halako saria eskuratu ostean, oraindik eta motibatuago. Oso harro nago artzain izateko erabakiarekin.

Hala ere, oraindik ere berria zara gazta egiten.

-Bai, oso berria. Orain dela lau bat urte hasi ginen, nahiz eta nire etxekoak betidanik baserritik bizi izan diren.

Nolatan hasi zinen gazta egiten?

-Artzain eskolan egin nituen ikasketak eta praktikak, berriz, Etxelekua baserrian. Hala ere, artzain askoren laguntza izan dut, bereziki Olaberriko Aizpea eta Zeanuriko Ipiñaburu.

Infernuko gasna da zuen gaztaren izena. Gaur infernuak hartu du Ordizia?

-Bai, esan daiteke Infernuko gasna-rekin zerua ukitu dugula gaurkoan, ikaragarria da hau, benetan. Pozez zoratzen gaude.