Mendeurrena 8 ekitalditan ospatuko du Euskaltzaindiak

Viernes, 7 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:01h.

Ehun urte betetzen dituela eta Euskaltzaindiak zortzi ekitaldi ospatuko ditu Euskal Herri osoan datozen hamabi hilabeteetan. Teknologia berriak eta euskara, literatura, hizkuntza eskubideak eta batuaren ekarpena eta bere erronkak zein-tzuk diren aztertuko dute besteak beste. Dokumental bat eginen dute ere Euskal Telebistarekin. Lehen hitz ordua datorren ostegunean egun osoan izanen da Baionako udaletxean. “Batuaren lehen ahaleginak Baionan egin ziren 1964ean eta sor-tzaileak omentzea ezinbestekoa da” Andres Urrutia euskalzainburuaren arabera. “Lau urte geroago Arantzazun mamitu, ondu eta gauzatzen hasi zen batua baina hori gero izan zen” gogoratu zuen Urrutiak atzo Baionan. Euskara batua beharrezkoa dela eguneroko bizitzan funtzio guzietan ari-tzeko eta ez doala euskalkien kontra azpi marratu zuen bizkaitarrak. “Nekez egin zen baina egin da”.

Badabil eta baliagarria zaigu euskaldun guztioi denen artean komunikatu ahal izateko, bereziki idatziz”. Ostegunean Lapurdiko hiriburuan Jean Louis Davant eta Txomin Peillen euskalzainen gogoetak entzun ahal izanen dira goizean eta arratsaldean Ipar Euskal Herriak dauzkan beharrak aztertuko dituzte Itxaro Borda idazleak, Peio Jorajuria kazetariak, Joseba Garai AEKko kideak eta Naroa Gorostiaga Euskararen Erakunde Publikoaren ordezkariak.

Euskara Iparraldean Gaur egun, Ipar Euskal Herriko 300.000 biztanleen artean %22,5k menperatzen du euskara, beste %8,5 hiztun pasiboak direlarik. Euskarak gero eta toki zabalagoa du irakaskuntzan baina euskaltzaleek deitoratzen dute behar dituzten baliabideak ez dizkiola ematen Frantziako Hezkuntza sailak. Seaskaren ikastoletan 2 eta 18 urte arteko ia lau mila ikasle dituzte aurten, iaz baino 200 gehiago. Etengabeko garapenari aurre egiteko Seaskak 25 irakasle lanpostu gehiago behar ditu baina Frantziako gobernuak 5 baizik ez dizkio eman. Eta gehiago ez dietela emanen berretsi du Olivier Dugrip Bordeleko akademiako ikuskariak. Bi aldeak lotzen dituen hitzarmena aztertzea eta berria prestatzea hitz hartu dute baina euskaltzaleek bermeak eskatu dituzte. Mobilizazio gehiago iragarri eta lehen hitz ordua Pauen finkatu dute larunbatean beren haserrea erakusteko Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkun-tza ministroak Biarnoko hiriburura eginen duen bisita ofizialean.

Iparraldeko umeen %70 ikastegi publikoetan dabiltza. Bertan eta eskola pribatuetan B eta D ereduak ere eskaintzen dituzte, eta gauzak honela, aurten ere haurren ia erdiak murgiltze ereduan edo sail elebidunetan ikasiko du lehen hezkuntzan. Bestalde, euskara ikasgeletatik ateratzeko Mintzalasai jaialdiaren zazpigarren edizioa ospatzen dute irail osoan Baiona, Angelu eta Miarritzeko talde euskaltzaleek. Viviane Itursarri Miarritzeko herriko etxeko euskara teknikariak azpi marratzen du Iparraldeko biztanlego osoaren %40 lurralde horretan bizi dela. “Euskara dakigunak %8 besterik ez gara baina halere 15.800 lagun gaude eta beraz aukerak ditugu euskaraz aritzeko” dio Itursarrik. Abenduan eginen den Euskaraldia baino lehen euskararen erabilera areagotzeko gazteei eta gurasoei zuzendutako hamarnaka ekitaldi proposatzen ditu egunero Mintzalasai jaialdiak.