Gaztetxeko kideekin negoziatzeko eskatu dute

Parte Zaharrean Bizik Donostiako Udalari eskatu dio egoerari irtenbide bat bilatzea

Viernes, 7 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

donostia - Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak atzo adierazpen bat egin zuen, eta bertan Donostiako Udaletxeari eskatu zion Gaztetxea eraikitzeko proiektuan dauden gazteengana hurbiltzeko eta haiekin hizketan hasteko.

Auzo Elkartearen ustez, Kanpanario kalean dagoen Kaialde eraikinaren okupazioak agerian jartzen du “auzoan dagoen gune, espazio eta ekipamenduen gabezia auzotarron auzo-bizitza eta ekimenak garatzeko”.

Auzo Elkarteak ere azpimarratu zuen “behin eta berriz” eskatu diola Udalari “gabezi hori konpontzeko”. Eta gogorarazi zuen eraikin horretan duela lau urte “Auzo Etxea eraikitzeko proiektua abian jarri zela” eta dena bertan behera gelditu zela “oposizioko taldeek kontra egin zutelako”, arrazoi bezala jarri baitzuten “Lanbide Heziketako ikastetxe bat egiteko erabiliko zutela”.

Elkarte honek azpimarratu zuen egitasmo horri buruz ez dutela “ezer jakin lau urtetan” eta “auzotarron beharrak ez direla asetu”. Hortaz, Udal Gobernuari proposatu zioten atzo auzotarren eta udal teknikarien arteko lan-mahai bat osatzeko “egoerari irtenbideak behingoz bila-tzeko”. - G. Martinez

Secciones