Cartas a la Dirección

Eusko Label, Euskotren ligak eta ‘Boga’ aldizkaria

Xabier Castrillon - Domingo, 9 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

TKE (Traineruen Kluben Elkartea) liga, gaur egun Eusko Label liga izenez ezagutzen duguna, 2003. urtean abiatu zenean, Autonomia Erkidegoek (Euskadi, Galizia eta Kantabria) diru-laguntzak eman zituzten, baita 2004. urtean ere. Eusko Jaurlaritzak jarri zuen diru kopuru handiena. 2009. urtean, emakumeen ligaren hasiera izan zen, eta Euskotren liga izenarekin ezagutzen dugu;orain arte, Eusko Jaurlaritzaren diruari esker jarraitu du bizirik. Aurten, 12 talde lehiatu dira liga horretan sartzeko, eta lau talde euskaldun sartu dira.

2017. urtean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak eta Borja Rodrigo TKEko buruak lau urterako akordioa sinatu zuten. Horren bidez, Eusko Jaurlaritza ligako babesle nagusia izatea adostu zuten, Eusko Label markarekin.

Aipatutako laguntza horietatik aparte, Eusko Jaurlaritzak bost ikurrinen sariak ordaindu zituen, 2012tik 2016ra, hau da: Eusko Label bandera (Zarautzen) eta lau Euskadi-Basque Country ikurrin, bi Bar-tzelonan eta bana Malagan eta Sevillan.

TKEko egitura orokorra eta arrauna, gaur egun ezagutzen ditugun bezala, bideraezinak lirateke euskal erakunde publikoen ekarpen ekonomikorik gabe. Kontuan izan behar dugu, halaber, Foru Aldundiek eta zenbait udalek beren herrietan estropadak antolatu ahal izateko ematen duten dirua (Bilbo, Donostia, Getxo, Hondarribia, Ondarroa, Orio, Portugalete, Sestao, Santurtzi, Pasai Donibane, Pasai San Pedro, Zarautz eta Zierbena).

Bestetik, kontuan izan behar dugu EITBk gure kirol hau zabaltzeko, arraun taldeek babesle pribatuak erakartzeko eta gure hizkuntza babesteko egiten duen lana.

Baina zer gertatzen da TKEren Boga aldizkari ofizialarekin? (Luxuzko 106 orrialde ditu eta dohainik banatzen da). Bada,... informazio guzti-guztia gaztelaniaz dagoela. Bost editorial: Borja Rodrigo TKEko presidentearena, Maialen Chourraut piraguista eta txapeldun olinpikoarena, Andrea Oubinha San Juan-Batelerak taldeko arraunlariarena, Alfonso Herran AS egunkariko kazetariarena eta Juan Pedro Badiola Euskadiko eta Kantabriako CaixaBank taldeko zuzendariarena;baita ligari buruzko informazio orokorra eta estropadak antolatzen dituzten herrien zenbait datu historiko nahiz gaur egungoak ere. Iragarki eta publizitate gehienak ere gaztelania hutsez egoten dira, eta, euskaraz, lagin batzuk besterik ez: sailkapena, arraunlaria, entrenatzailea eta horrelakoak.

Hori ez al da arraunlari eta arraunzale euskaldun guztiei trufa egitea? Erakunde Publikoen hizkuntza politikaren ardura duzuen agintariak zeren zain zaudete TKEko arduradunei gogorarazteko Basque Country herrialdean bizi direla eta euskal kirola sustatzeaz gain denon helburua euskara hedatzea dela? Izan ere, arduradun horiek, nabarmen, arduragabekeriaz, utzikeriaz edo alferkeriaz mespretxatzen dute euskararen ofizialtasuna;ez dute aitortzen herritarrei informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea, euskararen kaltetan, eta eskuragarriago eta erakargarriago den erdara bultzatzen dute, euskararen prestigio kaltetan.

Secciones