Euskara ‘musutruk’ ikasteko aukera izanen dute Bortziriak eta Malerrekan

Euskara zerbitzuek egitasmo honekin herritarrak euskaltegira joatera animatzea dute helburu

Aitor Arotzena - Martes, 11 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:01h.

EUSKARA - Aitzineko egunetan trailerra zabaldu eta karteletan eta bertze euskarrietan sortutako jakin-minaren ondotik, irailaren 5ean aurkeztu zuten Musutruk. La pelicula. Ez da, ordea, film bat, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Malerrekako Mankomunitateak herritarrak euskara ikastera edo hobetzera animatzeko egindako kanpaina baizik.

2018/2019 ikasturtean Bortzirietan eta Malerrekan erroldatuta dauden biztanleek euskara ikasi edota hobetzeko aukera izanen dute, doan. Ikasleen aprobetxamendu egokia ziurtatuz gero, bi entitateek matrikularen %100a ordainduko dute.

Kanpaina Malerrekako eta Bortzirietako alkate eta zinegotziek aurkeztu zuten, Ernesto Dominguez Zubietako alkateak, Mentxu Peña Arantzako alkateak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakariak, Mari Joxe Bereau Iturengo alkateak, Miguel Mari Irigoien Etxalarko alkateak, Marga Erdozain eta Pello Grazenea Doneztebeko zinegotziek eta Juankar Unanua Igantziko alkateak. Aurkezpenean adierazi zutenez, “Bortzirietan eta Malerrekan erroldatuta dauden biztanleek bertako hizkuntza jakiteko eskubidea duteª. Horrela bada, “eskubidea bermatzeko erabakia” hartu dute, “baliabideak eskainiz”.

Bai Malerrekan, bai eta Bortzirietan ere, euskaraz jakin badakiten eta egunerokoan erabiltzen duten biztanleak “asko” direla uste dute. Aitzitik, ezagutza ez da unibertsala: “%20ak ez du ongi menperatzen”. Erakundeek “pertsona askok euskaraz hitz egiten edo behintzat ulertzen ikas dezaketela” adierazi dute udal ordezkariek.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Malerrekako Mankomunitateak argi dute euskara jakiteak ateak irekitzen dituela eta bizi baldintzak hobetzen dituela eta horren alde ari dira lanean.

Izen-ematea Bortzirietako euskaltegian edo Malerrekako euskaltegian eskainiko den ikastaroan irailaren 28ra arte eman daiteke izena, eta diru-laguntzei buruzko informazioa euskara zerbitzuetan eskuratu ahal izanen da.

Deialdiari buruzko informazio zehatza mankomunitateetako webguneetan ikusgai dago: www.bortziriak.eus eta www.malerrekakomankomunitatea.eus.

Film laburren emanaldia Kanpaina honekin loturik, gaztelerako azpitituluak dituzten euskarazko film laburren proiekzioa eginen dute irailaren 21ean, datorren ortziralean 19:00etan Berako Beralandetan. Zehazki, Lagun mina (Joxe Mari Goenaga, 2011), Ahate pasa (Koldo Almandoz, 2009), Zela Trovke(Asier Altuna, 2013) eta Amona Putz(Telmo Esnal, 2009) eskainiko dituzte.

Emanaldia bukatzerakoan, zine-forum gastronomikoa eginen dute, Berako ostatuetako pintxopotean.